Politika -

Errejonen dimisioa

Sumarrek esan du ez zituela salaketak ezagutzen, baina gero eta ahots gehiagok eskatzen dituzte erantzukizunak

Argi dago kasu honek arrakala sakona eragin duela Sumarren, feminismoa sendo aldarrikatu duen indar politikoan. Hori guztia alderdiak, ibilbide laburra duen arren, oso egoera zaila bizi duen unean.

Iñigo Errejon eta Yolanda Diaz, Diputatuen Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Errejon eta Yolanda Diaz, Diputatuen Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Errejon eta Yolanda Diaz, Diputatuen Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sumar Mugimenduak berretsi du ez zuela Iñigo Errejon Kongresuko bozeramaile ohiaren aurkako jazarpenagatiko akusazioen berririk aste honetara arte, baina ezkerreko beste ahots batzuek adierazi dute aspalditik zeudela salaketak haren ustezko jokabide matxistaren inguruan, eta erantzukizun politikoren bat onartzeko eskatu diote alderdiari.

Elizabeth Duval Sumarreko Komunikazio idazkariak esan duenez, ekainaren 23ko hauteskundeetako kanpainan proiektu politikoarekin bat egin zuenetik ez zuen diputatu ohiaren aurkako salaketen berririk; bestela, Errejonek ez zuen hautagaitzaren zerrendetan parte hartuko. Hala ere, autokritika egin du, aldez aurretik salaketen berririk izan ez bazuten ere, "jakin egin beharko zutelako".

Argi dago kasu honek arrakala sakona eragin duela Sumarren, feminismoa sendo aldarrikatu duen indar politikoan. Hori guztia alderdiak, ibilbide laburra duen arren, oso egoera zaila bizi duen unean; izan ere, 2023ko hauteskunde orokorrak baino pixka bat lehenago sortu zen, eta 2024ko martxoan bihurtu zen alderdi ofizial.

Yolanda Diazen alderdiak bere historia laburreko babes txikiena (% 6,3) izan du azken CIS inkestan. Gainera, berregituratzeko prozesuan bete-betean murgilduta dago, Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak Sumarreko buruzagia izateari uko egin ostean, Europako hauteskundeetako emaitza kaskarrengatik.

Ezkerrean duen papera eta lidergoa zehazteko, Sumarrek abenduaren erdialdean batzar bat egiteko asmoa du. Orain lau kideko zuzendaritza kolegiatu batek zuzentzen du alderdia, Espainiako ezkerra oso zatikatuta dago, eta Podemosekin tirabirak etengabeak dira.

Sumarren batzar horretarako dokumentu politikoa koordinatzeaz arduratzen zen Errejon, baina dimisioa eman ondoren, beste norbaitek hartu beharko du zeregin horren ardura bere gain, eta Kongresuko talde parlamentarioaren bozeramaile berri bat aukeratu beharko dute.

Oro har, Diputatuen Kongresuan Sumar barruan aliatu diren alderdiek nahiago dute isilik egon eta denbora utzi Yolanda Diazen indar politikoak gaia azal dezan, nahiz eta pribatuan aitortu Errejon kasuak kalte handia egin diela.

Uda honetan bere kargua utzi zuen Maria Eugenia Rodriguez Palop Sumarreko kide ohiak esan duenez, beste salaketa anonimo batzuen berri izan zuten 2023ko ekainean, eta litekeena da berandu iritsi izana. "Ez genion beharrezko jaramonik egin", aitortu du.

"Zantzuen edo usteen aurrean ezer egin ez zuenaren erantzukizunak" eskatu ditu Antonio Maillo IUko koordinatzaile federalak.

Antonio Maillo Izquierda Unidako koordinatzaile federalak. Argazkia: EFE

Ostegunean, Pablo Iglesias Podemoseko buruzagi ohiak adierazi zuenez, Madrilen beste salaketa bat izan zen, Errejonek ustez egindako sexu-eraso batengatik.

Bestalde, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteordeak nabarmendu du Sumarrek "irmotasunez" erantzun duela, eta ziur agertu da alderdi politiko hori Justiziarekin elkarlanean arituko dela "eskatzen dion guztian".

Angel Victor Torres Lurralde Politikako ministroak "azkeneraino iristeko eta erantzukizun guztiak argitzeko" eskatu du, baina baztertu egin du Sumarri azalpen gehiago eskatzea. "Inork baldin bazekien, edo ez zekien... Garrantzitsuena da jakin dela eta neurriak hartu direla", azpimarratu du.

Ana Redondo Berdintasun ministroak ausardia eskatu dio Errejoni, "aurpegia eman dezan". "Legearen pisu guztia" horren gainean erortzea espero duela erantsi du.

Aitzitik, PPk eta Voxek indarkeria matxistaren akusazioak estaltzea leporatu diote Yolanda Diazen indar politikoari. Horrela, Sumarren kudeaketak ez du PP konbentzitu, Diazi erantzukizunak eskatu baitizkio, eta jokabide horiek ezkutatu dituena lehen lerro politikotik kanpo uzteko eskatu du. Gainera, Alberto Nuñez Feijooren alderdiak ezkerraren "hipokresia" salatu du hainbat ahotsen bidez.

"Yolanda Diazek bazekien eta estali bazuen, erantzukizunak hartu behar ditu berehala", adierazi du Miguel Tellado PPren Kongresuko bozeramaileak. Bestalde, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteak esan du ezkerrari feminismoaren "pankarta" erori zaiola. Ayusoren ahotan, kontua "aspalditik" dator, eta "ezkutatzen" aritu dira.

Azkenik, Vox ultraeskuineko alderdiak ziurtzat jo du Diazek akusazioak estali zituela. "Pedro Sanchez eta bere bazkideak arriskutsuak dira emakumeentzat. Eta bere presidenteordea, estaltzaile bat", idatzi du Santiago Abascalek X sare sozialean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Indarkeria matxista Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak Yolanda Diaz Sumar Mugimendua