Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakarietan zauritutako zazpi pertsona gehiago identifikatu dituzte

Gogora institutuarekin lankidetzan egindako ikerketaren ondorio izan dira identifikazioak. Martxoak 3 elkarteak eman du egindako lanaren berri.

Martxoak 3 elkarteko kideak, gaur, Gasteizen. Argazkia: Martxoak 3
Martxoak 3 elkarteko kideak, gaur, Gasteizen. Argazkia: Martxoak 3
Martxoak 3 elkarteko kideak, gaur, Gasteizen. Argazkia: Martxoak 3

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1976ko martxoaren 3ko gertakarietan zauritutako zazpi pertsona gehiago identifikatu ditu Martxoak 3 elkarteak, orain arte identifikatu gabe zeudenak. Aurtengo otsailean Gogora Institutuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioz egindako ikerketek ahalbidetu dituzte identifikazioak. Protesta batean parte hartzen ari ziren bost langile hil eta ehun lagun baino gehiago zauritu zituen tiroz Espainiako Poliziak.

Goizean Gasteizen egindako agerraldian, Julen Diaz de Argote eta Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideek eman dituzte ezagutzera azken hilabeteotako ikerketen emaitzak. Hitzarmenaren ondotik, orotara 100 liburu, 60 aldizkari eta askotariko materiala aztertu dutela esan dute, "martxoaren 3an gertatutakoa hobeto ulertzen lagunduko dute".

Identifikatu dituzten zazpi pertsonen artean, Manuel Pizarroren kasua nabarmendu dute. Belaunean zauritu zuten martxoaren 3ko gertakarietan, eta duela gutxi hil da inolako aitortza ofizialik izan gabe. "Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu leihatila bat jartzeko, aitortzarik jaso ez duten biktima horiek oraindik eskatu ahal izan dezaten", esan dute. Halaber, azaldu dute "zauritutako 20 bat pertsonekin" ez dutela lortu oraindik kontaktuan jartzea, eta horregatik, "elkartearekin harremanetan" jartzeko deia egin diete pertsona horiei eta senideei.

Otsailetik, 70 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte, eta duela 48 urte Gasteizen izandako lanuzteekin eta sarraskiarekin lotutako ondare materiala biltzen hasi dira. "Egun hartako sarraskia erakusten duten objektuak dira, hala nola zaurituetako bat zauritu zuen bala, tiroen markak, gomazko pilotak, ke-poteak…", erantsi dute.

Azkenik, "egia osoa jakin ahal izateko", hainbat artxibotarako sarbidea "funtsezkoa" dela azaldu dute, eta oraindik informazio sailkatua duten artxiboetara sartzea eskatu dute, hala nola Alcala de Henareseko Artxibo Nagusi Zentralera edo Ferroleko Ipar-mendebaldeko Bitarteko Artxibo Militarrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gogora