Politika -

Lurrikara Sumarren

Iñigo Errejonek politikagintza utzi du, jarrera matxistak aitortu eta gero

Sare sozialetan zenbait mezu anonimok jarrera matxistak leporatu eta gero, Errejonek berak aitortu du "ekintza moralki gaitzesgarriak" egin dituela. Dimisioa ezagutu eta ordu batzuetara, aktore batek sexu jazarpena egin izana egotzi dio.

Iñigo Errejon Sumar taldeko diputatu eta bozeramailea. Argazkia: EFE
Iñigo Errejon Sumar taldeko diputatu eta bozeramailea. Argazkia: EFE
Iñigo Errejon Sumar taldeko diputatu eta bozeramailea. Argazkia: EFE

EITB MEdia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Errejon Sumar taldeko diputatu eta bozeramaileak dimisioa eman du kargu guztietan, eta politikagintza utziko duela iragarri du, sare sozialetako zenbait mezu anonimok jarrera matxistak izatea leporatu eta gero. Sumarrek jakinarazi duenez, Errejonek berak aitortu egin du salaketa horiek benetakoak direla.

Hasieran akusazio anonimoak zirenak, baina, izen-abizenak dituen akusazio bihurtu dira dimisioa publiko egin eta ordu batzuetara. Izan ere, Elisa Mouliaa aktore eta telebistako aurkezleak publikoki salatu du Errejonek sexu jazarpena egin ziola.

Akusazio anonimoen berri izan ondoren, Mas Madrid harremanetan jarri zen Errejonekin, eta horrek aitortu egin zion esandakoak benetakoak direla. Horregatik, alderdiak diputatu-akta exijitzeko eskatu zion Sumarri.

Elizabeth Duval Sumarreko Komunikazio idazkariaren esanetan, diputatu ohiak "ekintza moralki gaitzesgarriak" aitortu ditu, hain zuzen ere. Era berean, gaineratu du Errejonek ez duela betetzen edozein karguduni, "baina ezkerreko bati bereziki", eskatu behar zaion "eredugarritasun feminista".

Yolanda Diazen alderdiak nabarmendu du ikerketa abiatu zuela akusazioak ezagutu ondoren.

Fiskaltzaren arabera, oraingoz behintzat ez da salaketarik aurkeztu bide judizialean.

"Pertsonaren eta pertsonaiaren arteko kontraesanak"

Dimisioa iragartzeko X sare sozialean publikatutako mezuan, Errejonek adierazi du fisikoki eta psikologikoki "higatuta" dagoela. "Pertsonaren eta pertsonaiaren arteko kontraesanek" goia jo dutela onartu du. 

Azken hilabeteetan hausnarrean aritu dela azaldu du, azken asteetan bereziki, eta prozesu horretan erabaki du, nonbait, Sumarren bozeramaile gisa dimititzea, Kongresuko eserlekua uztea eta ardura politiko guztiak alde batera uztea. 

"Lehen lerro politiko eta mediatikoan norberak errazago irauten du eta eraginkorragoa da zainketatik, enpatiatik eta besteen beharretatik urruntzen den portaerarekin jokatuz gero, hala izan da behintzat nire kasuan. Horrek, ordea, subjektibitate toxikoa eragiten du, patriarkatuak gizonezkoengan biderkatu egiten duena gainera,  lankideekiko, antolakuntzako kideekiko, harreman afektiboekiko eta baita norberarekiko ere", azaldu du. 

Podemosen sortzaileetakoa ere izan zenak argitu duenez, denbora darama psikologoen laguntzarekin barne prozesu bat lantzen, eta horretan aurrera egiteko beharrezkotzat jotzen du "politikagintza instituzionala uztea, gelditzea eta zaintzea". 

Salaketa anonimoak lehenengo; lehen salaketa izen-abizenekin, ondoren

Cristina Fallaras kazetariaren Instagrameko profilean argitaratutako akusazio anonimo batzuekin lehertu da auzia. Kazetariak indarkeria matxistarekin lotutako bizipenekin jarraitzaileek bidaltzen dizkioten mezuak argitaratzen ditu. Argitalpen horietako batean "tratu txar psikologikoak ematea" leporatzen dio emakume batek "Madrilen bizi den politikari bati", "hasieran oso atsegina" izatea eta ondoren "desplanteak edo gaslighting" (gas-argia, manipulazio psikologikorako modu bat) edo "isiltasunarekin edo axolagabekeriarekin zigortzeagatik". Kazetari horren arabera, ez dago Errejonen aurkako salaketa formalik.

Errejonek dimisioa eman eta ordu batzuetara, baina, biktima batek aurpegia eman, eta publikoki seinalatu du Errejon.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak Sumar Mugimendua