Politika -

Etxebizitza

Rodriguezek agerraldia egingo du Kongresuan, protestek merkatuan esku-hartze handiagoa eskatu ondoren

Sumarrek PSOEri ohartarazi dio etxebizitza politika legealdian "bidegurutzea" izan daitekeela, eta Rodriguezi eskatu dio Ganberan "proposamenak" aurkezteko, eta ez "aitzakiak".

Rodriguez eta Sanchez atzo etxebizitzaren sektoreko ordezkariekin Moncloan bildu ondoren. EFE
Rodriguez eta Sanchez atzo etxebizitzaren sektoreko ordezkariekin Moncloan bildu ondoren. EFE
Rodriguez eta Sanchez atzo etxebizitzaren sektoreko ordezkariekin Moncloan bildu ondoren. EFE

Agentziak | EITB media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroak agerraldia egingo du gaur Kongresuan, kudeaketaren berri emateko. Ezkerreko alderdiek eta kalean egindako protesta jendetsuek Espainiako Gobernuari alokairuen prezioa jaitsi dadin esku-hartze handiagoa eskatu diote.

Iñigo Errejon Sumarren bozeramaileak PSOEri ohartarazi dio etxebizitza politika legealdiko "bidegurutzea" izan daitekeela, eta Rodriguezi eskatu dio Ganberan "proposamenak" aurkezteko, eta ez "aitzakiak".

Azken asteetan, 20.000 pertsonak baino gehiagok manifestazioa egin dute Madrilen, 15.000k Valentzian eta 10.000k Kanaria Uharteetan, etxebizitzarako eskubidearen alde eta turistifikazioaren aurka, eta protesta gehiago deitu dituzte Malagan, Sevillan eta Bartzelonan.

Podemosek ere presioa areagotu du, eta barne kontsulta bat jarri du martxan militanteei galdetzeko 2025eko aurrekontu orokorren babesa baldintzatu behar ote duten, besteak beste, alokairuaren prezioak jaisteak edo muga jartzeak.

"Ezer ez egitea" leporatzen dioten bazkide parlamentarioen aurrean, Rodriguez buru-belarri saiatuko da legegintzaldian zehar aurrera eramango dituen neurrien "zerrenda zabala" azaltzen.

Hala adierazi zuen ministroak berak 30 bat gizarte-eragilerekin eta etxebizitzaren sektoreko ordezkariekin atzo egindako bileraren ostean. Bilera horretan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere parte hartu zuen, Moncloan.

Sozialistek azpimarratu dute etxebizitzaren arazoa "lehentasuna" dela Espainiako Gobernuarentzat, eta merkatuan esku hartzeko ezinbestekoa dela eskaintzari eta eskariari aurre egiteko neurriak bateratzea.

Patxi Lopez Kongresuko bozeramaile sozialistak hitza hartuko du gaur Kongresuan. Atzo esan zuen argi utzi nahi dutela PSOEren eta PPren etxebizitza politikaren arteko aldea. Lopezen hitzetan, Alderdi Popularra espekulatzaileen eta "funts putreen" alde dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza Sumar Mugimendua