Politika -
elkarrizketa radio euskadin
Gogora Institutuak herritarren eztabaida bultzatzea izango du helburu
Alberto Alonsoren hitzetan, aurrerantzean Gogora Institutuaren helburua herritarren eztabaida bultzatzea izango da. Terrorismoaren Biktimen Memorialarekin elkarlanean aritzeko prest agertu da, beste erakunde batzuekin egiten duten moduan.
EITB Media
Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariaren hitzetan, aurrerantzean herritarren eztabaida bultzatzea izango du helburu erakundeak. Hedapen elementu berrien bidez lortu nahi da hori. Beren lehentasunetako bat gaurdaino bildutako materiala zabaltzea dela gehitu du Institutuko zuzendariak, "gertakariak" ezin direla sinplifikatu esan du, eta bizikidetzan aurrera egiteko giza eskubideak errespetatuz lan egin behar dela.
Autokritika eginda, Alonsok iritzi dio euskal gizarteak eredu izateko aukera duela orain. Horregatik, Radio Euskadiko "Crónica de Euskadi Fin de Semana" saioan egin dioten elkarrizketan, Terrorismoaren Biktimen Memorialarekin elkarlanean aritzeko prest agertu da, beste erakunde batzuekin egiten duten moduan.
Era berean, Herenegun programa mantenduko dutela adierazi du, eta eskoletan gazteek iraganeko testigantzak lehen pertsonan entzutearen garrantzia azpimarratu du. Ildo beretik, Herenegun programan ikastetxe gehiagok parte hartzea espero duela gaineratu du.
Esan bezala, bizikidetza arretagune hartuta, xehetasunik gabeko kontakizunei iskin egitea proposatu du. Halaber, iritzi dio Guardia Zibilak iragan astean Gasteizen egin zuen ekitaldia nahiz horren antzeko "ospakizunak" normalizatu behar direla.
Halaber, LGTBI kolektiboak jasan izan duen jazarpena aztertzearen alde agertu da, eta eskuin muturraren eta gorroto mezuen aurkako borrokan eredu izateko nahia erakutsi du. Horretarako, garrantzitsutzat jo du herritarrengana iristea, eta Gogorak egiten duen lana zabaltzea, "bai gure artean eta baita kanpoan ere".
Memoriak inklusiboa izan behar duela azpimarratu ostean, Alonsok berretsi du behin lanak sinplifikatuta, konplexutasuna lantzeko unea dela orain.