Politika -
Heriotza
Jose Manuel Castells katedraduna eta Gipuzkoako foru diputatu ohia hil da
Gipuzkoako foru diputatua izan zen 1979 eta 1983 artean, eta Transferentzien Batzorde Mistoko lehen taldeko kide ere izan zen.
Agentziak | EITB Media
Jose Manuel Castells Arteche hil da, 81 urte zituela. Castells Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Administrazio Zuzenbideko katedraduna eta Gipuzkoako foru diputatu ohia zen.
Castells Arteche 1943an jaio zen, Bilbon, eta EHUn Administrazio Zuzenbideko katedraduna izateaz gain, Zuzenbidean doktorea izan zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea ere izan zen; Zuzenbide Fakultatean eman zituen eskolak.
Politika arloan, Gipuzkoako foru diputatua izan zen 1979 eta 1983 artean, eta Transferentzien Batzorde Mistoko lehen taldeko kide ere izan zen.
Unibertsitatean eta administrazioan ere beste kargu batzuk bete zituen. 17 liburu eta 119 argitalpen kaleratu zituen, eta kongresu askotan parte hartu zuen, baita doktorego-tesi batzuk zuzendu ere.
Haren heriotzaren berri izan ondoren, Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak Castells gogoratu du X sarean. Eva Ferreira EHUko errektoreak ere Castellsek egindako lana goraipatu du.