Politika -
2025eko aurrekontuak
Etxebizitza, zaintza, emantzipazioa eta trantsizio ekosoziala, EH Bilduren proposamenaren ardatz nagusiak
Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak aurkeztu du proposamena, eta argi utzi du "elkarrizketa fasea" abiatuko dela. Zentzu horretan, koalizioak bilerak eskatu dizkie EAJri eta PSE-EEri, eta "hurrengo egunetan" egitea espero du.
Agentziak | EITB Media
Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak 2025eko aurrekontuetarako akordio orokorra egiteko proposamena aurkeztu du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "premiazkoenak diren egiturazko arazoei heltzeko".
Ekimenak gazteen emantzipazioa, zaintza, etxebizitza eta trantsizio ekosoziala jarri ditu erdigunean, "orain arte herritarren beharrei erantzun egokirik eman ez dieten politika publikoen norabidea zuzentzeko" helburuarekin.
Otxandianok prentsaurrekoa eman du Donostian, Maddalen Iriarte Gipuzkoako bozeramailearekin, Eva Lopez de Arroyabe Arabako bozeramailearekin eta Iker Casanova Bizkaiko bozeramailearekin batera, eta pozik agertu da joan den ostiralean gainerako indar politikoek proposamenari egindako "harrera onagatik".
Hala, ziur agertu da 2025eko aurrekontuen inguruan "elkarrizketa fase bat" hasiko dela. EH Bilduk bilerak eskatu dizkie EAJri eta PSE-EEri, eta "hurrengo egunetan" egitea espero du.
EH Bilduren akordio orokorrerako proposamenak politika publikoen hainbat alor biltzen ditu, eta horien artean dago etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzea. Horretarako, koalizio subiranistaren ustez, "ezinbestekoa da higiezinen merkatuaren joko-arauak aldatzea".
"Ez da nahikoa eskaintza bultzatzearekin, higiezinen merkatuko joko-arauak aldatzen ez badira, ez baikara gai izango etxebizitzarako eskubide subjektiboa asetzeko, legez jasotako eskubidea baita", gogorarazi du Otxandianok.
Era berean, "espekulazioari eta errenta-interesei galga jarri behar zaie", eta horrek "merkatuan esku hartzeko erregulazioa eskatzen du, Espainiako Bankuak alokairuei buruz gaur bertan esan duen bezala".
Gauzak horrela, EH Bilduk "alokairuei muga jartzearen, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzearen, pisu turistikoei muga jartzearen eta, batez ere, baliabide publiko guztiak alokairu bidez merkaturatuko den etxebizitza publikoen parkeaz hornitzera bideratzearen" alde egin du.
Bigarrenik, lanbide arteko gutxieneko soldata "propioa" ezartzearen alde egin du koalizoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan horretarako eskumenik ez dagoen arren, "burujabetza ariketa bat eginez" egin daitekeela adierazi du Otxandianok. Azaldu duenez, hiru lurraldeetan "gure ezaugarri sozioekonomikoekin bat datorren" LGSa ezartzeko modua "patronalen eta sindikatuen artean akordio bat egitea da".
Hirugarrenik, Pello Otxandianok azpimarratu du beharrezkoa dela "sistema publiko komunitario" baterantz pausoak ematea, "erabiltzaileen eta sektoreko beharginen duintasuna bermatzeko". Horretarako, "zerbitzuen eskuragarritasunari eta prestazioen kalitatearen hobekuntzari dagokienez egiturazko aldaketak planteatzeko unea" dela uste du, "adibidez, gizarte-zerbitzuen eskaintzan irabaziak lortzeko asmoa kentzeko unea da".
Familien diru-laguntzei dagokienez, EH Bilduk uste du "ezinbestekoa" dela prestazioen sistema berria adostea, eta "gaur egun dauden hobari fiskalak eta indarrean dauden laguntza publikoak birdefinitu".
Trantsizio ekosozialari dagokionez, energia berriztagarriak zabaltzeko orduan egun dagoen "blokeo egoeraren" aurrean "aurrerapausoa" ematearen aldeko apustua egin du koalizio subiranistak, "trantsizio energetikorako kritikoa den une honetan".
Otxandianoren ustez, horrek plangintza publikoa egitea eskatzen du "energia berriztagarrien zer hedapen egin nahi dugun" zehazteko, "eta hori jendearekin batera egin behar da, eta horrek herri honen azken aldiko historian ezagutu ez den mailako eztabaida prozesu bat eskatzen du".
Azkenik, EH Bilduk "mugikortasun iraunkor, publiko eta eskuragarri" baten aldeko apustua egin du, baita elikadura sistema "osasungarri eta zero kilometrokoa" ere, "kontsumoa ekoizpenarekin lotu dezakeena". Horretarako, "politika publiko eta estrategia eraginkorrak" eskatu ditu.