Politika -

ondare historikoa

EH Bilduk Fiskaltzara jo du Getxon botatako jauregiaren auzia iker dezan, Udalaren "borondate falta" ikusita

Koalizio abertzaleak salatu duenez, Getxoko udal gobernuak (EAJ-PSE-EE) eraistearen inguruko "argibiderik eman gabe" jarraitzen du. Babestuta zegoen arren, 'Irurak bat' eraikin historikoa behera bota zuten; luxuzko etxebizitzak egin asmo dituzte orube horretan.

'Irurak bat' jauregia, abuztuan eraitsia. EITB Media
'Irurak bat' jauregia, abuztuan eraitsia.
'Irurak bat' jauregia, abuztuan eraitsia. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Bizkaiko Lurralde Fiskaltzara jo du, Getxoko Irurak bat jauregia eraitsi zutela eta, auzia ikertzeko eskatuta. Eraikinak babes berezia zuen baina, hori gorabehera, behera bota zuen. 

Koalizio abertzaleak ohar bidez jakinarazi duenez, Getxoko udal gobernuak (EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua osatzen dute) auzia ikertzeko "borondaterik ez duela" ikusita hartu dute erabakia. Are gehiago, "ezinbestekotzat" jo dute "Udaletik kanpoko erakunde batek" gertatutakoa ikertzea: "eraistearen nondik norakoak, lizentzia eman zenetik Udalak izandako jokabidea prozedura osoan, prozesu administratiboa, lehentasunezko traturik egon den..."

XIX. mendeko jauregia abuztuan bota zuten, babes berezia zuen arren. Ereaga Atalaya hirigintza enpresak 12 etxebizitza egin asmo ditu orube horretan, eta araudiaren arabera, fatxada mantendu behar zuen. Hura eraitsita, Getxoko Udalak espedientea egin zion enpresari, "proiektuarekin bat ez datorren" eraistea egiteagatik. Gainera, EAJren bi zinegotzi enpresako kide zirela jakiteak are gehiago harrotu zituen hautsak. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta, gertatutakoa ikertzeko batzordea eratu berri du Udalak. 

Hain justu, betiere EH Bilduren arabera, Getxoko udal gobernua saiatzen ari da "batzordea oztopatzen eta trabak jarri ditu", Amaia Agirre alkateak eta auzian nahastutako zinegotziek batzordean parte har dezaten. Koalizioak azpimarratu duenez, "presioa egiten" jarraituko dute gertatutako ikertu, erantzukizunak eskatu eta herriaren ondare historikoa babesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Getxo Salaketak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak