Politika -

Sekretu Ofizialen Legea

Zabalzaren kasuari gardentasuna emateko konpromisoa hartu du Bolañosek, segurtasunari eragiten ez badio

Hala erantzun dio ministroak Uxue Barkosi (Geroa Bai), Defentsa Ministerioak Inteligentzia Zentro Nazionalaren dokumentazioa desklasifikatzeko asmoa duela jakin ostean egin dion galderari.

Felix Bolaños, astearte honetan Senatuan. EFE.
Felix Bolaños, astearte honetan Senatuan. EFE.
Felix Bolaños, astearte honetan Senatuan. EFE.

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak konpromisoa hartu du astearte honetan Espainiako historiaren gertakariei gardentasuna emateko, Mikel Zabalzaren kasuan esaterako, baina betiere segurtasun nazionalari eragiten ez badio. Uxue Barkos (Geroa Bai) Ezker Konfederaleko parlamentariak egindako galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok.

Defentsa Ministerioak Inteligentzia Zentro Nazionalaren dokumentazioa desklasifikatzeko asmoa duela jakin ostean, Barkosek galdetu du ea onartuko lukeen Mikel Zabalzaren kasuko dokumentuak desklasifikatzea. 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten Donostian Mikel Zabalza, eta 19 egun geroago aurkitu zuten haren gorpua, eskuburdinak jarrita, Bidasoa ibaian.

Ministroak azaldu duenez, informazio erreserbatua desklasifikatzeko edozein eskaera arretaz aztertzen da, eta Gobernuak dokumentu baten sekretua kentzeko erabiltzen dituen irizpideak zeintzuk diren gogorarazi du: Botere Judizialak eskatzea auzi penal baten edo ikerketa batzorde baten esparruan, parlamentarientzat ezartzen den erreserbarekin, eta segurtasun nazionalari ez eragitea.

Bestalde, Barkosek deitoratu du biktimei begi ezberdinez begiratzen dieten alderdiak egotea, eta, aldi berean, 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko beharra azpimarratu du.

Senatariak "egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea" aldarrikatu du, eta Zabalzaren familiak eskubide hori duela eta zehazki zer gertatu zen jakin behar duela ziurtatu du.

Bolaños bat etorri da senatariarekin esatean Sekretu Ofizialen Legea "zaharkituta" dagoela eta adierazi du "ez datorrela bat gure inguruko herrialdeetako legezko estandar onenekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Geroa Bai Uxue Barkos Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa Polizia abusuen biktimak Sekretu Ofizialen Legea