Politika -
''Mozal Legea''
"Mozal Legea"ren inguruko akordioak ez ditu agenteak "armagabetuta" utziko, EH Bilduren esanetan
Mertxe Aizpurua koalizio abertzaleak Kongresuan duen bozeramaileak salatu duenez, PPren arauak "pribilegio asko eman zizkien segurtasun indarrei, eta herritarrei eskubideak kendu". Horren aurrean, "lege berriak herritarren eskubideak babestu eta errespetuko ditu", azpimarratu du.
Agentziak | EITB Media
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak ukatu egin du "Mozal Legea"ri buruzko Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioak agenteak "armagabetuta" utziko dituela; izan ere, horren esanetan, gomazko pilotak kenduta ere, segurtasun indarrek "istiluen kontrako material ugari dituzte euren lana egiteko".
"Mozal Legearekin behingoz amaitzeko" adostasuna iragarri eta biharamunean mintzatu da Aizpurua. Akordioak, besteak beste, berarekin dakartza gomazko balak debekatzea eta desobedientziagatik eta agenteei egindako errespetu faltengatik ezarritako isunak arintzea. Espainiako Gobernua osatzen duten bi taldeek (PSOE eta Sumar) eta inbestidura blokeko hainbat alderdik gaur erregistratu dute Kongresuan horren inguruko legez besteko proposamena, Espainiako Estatuan Herritarren Segurtasun eta Askatasun lege berria izatea helburu.
Akordioarekin oso kritiko azaldu ziren atzo Espainiako Poliziaren sindikatuak eta Guardia Zibilaren elkarteak. Horien ustez, lege berriak "babesgabe" utziko ditu agenteak, eta agintaritzaren printzipioa "murriztuko" du.
Horri buruz galdetu diote Aizpuruari RNEn egindako elkarrizketan. Nabarmendu duenez, gomazko pilotek "min handia egiten dute, eta oso arriskutsuak dira, ez dutelako trazabilitaterik eta behin jaurtita oso zail delako non bukatuko duten zehaztea". Horren harira, gogorarazi du EAEn ez daudela debekatuta baina Ertzaintzak ez dituela erabiltzen, eta Iñigo Cabacasen heriotza ekarri du gogora.
Errespetu faltengatik edo desobedientziarengatik ezarritako isunez itaunduta, Aizpuruak kritikatu du PPren legeak "pribilegio asko" eman zizkiela segurtasun indarrei, eta herritarrei "eskubideak kendu", eta "babesgabetasuna" sortu. Salatu duenez, legea baliatuta isun asko jarri dira "begirada txar bategatik, polizia bati gustatu ez zaion txapa bategatik edota elastiko aldarrikatzaile bategatik".
Aizpuruaren aburuz, "lege berriak herritarren eskubideak babestu eta errespetuko ditu", eta 2015eko legearen hainbat arlo "moldatu, arautu eta zehaztu" egingo ditu.
Azkenik, Miguel Tellado PPren bozeramailearen adierazpenak izan ditu hizpide ("Segurtasun indarrak iraganean hiltzen zituztenak zerrendetan dituztenen esku daude", esan zuen atzo). Aizpuruak nabarmendu duenez, "PPk egunen batean onartu beharko du alderdi demokratikoa garela, eta jende askok bozkatzen gaituela, gero eta gehiagok, gainera".
Montero: "Akordio batera heldu garela baiezta dezaket"
Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ogasun ministro Maria Jesus Monterok argitu du EH Bildu izan dela akordioaren berri ematea erabaki duena. "Ez dakit zergatik egin duen, baina baiezta dezaket ados ez zegoen hiru puntuetan zuzenketak aurkeztu dituztela, eta adostasuna lortu dugula", esan du.
Podemosek Gobernuari ohartarazi dio ez duela babestuko
Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarrak, bestalde, esan du EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioak ez duela Mozal Legea indargabetzen, eta, PSOEk legealdi honetan bultzatutako itun guztiek bezala, "titular asko baina eraldaketa gutxi" duela.