Politika -

EITB FOCUS

EH Bildu eta EAJ dira boto-fideltasun maila altuena duten euskal alderdiak

Silvan & Miraclek EITB Focus inkestaren mikrodatuak aztertu ditu. Horien arabera, EH Bilduk eta EAJk apirilean lortutako boto gehienak mantenduko lituzkete hauteskundeak berriz egingo balira.

EITB FOCUS
EITB FOCUS
EITB FOCUS

IKER GOMEZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egun, EH Bildu da boto-fideltasun maila altuena daukan EAEko alderdi polítikoa, EITB Focus inkestaren arabera. Izan ere, hauteskunde autonomikoak orain errepikatuko balira, apirilean koalizioari botoa eman ziotenen % 90ek aukera berdina egingo lukete. EH Bilduren boto-emaileen % 4,5ek bakarrik adierazi dute euren boza aldatuko luketela, eta % 1,8k ez luke orain bozkatuko. 

Fideltasun-tasa handiena duen bigarren alderdia EAJ da. Apirilean jeltzaleak aukeratu zituztenen % 86,6k gauza bera egingo luke orain ere. % 6,3k botoa aldatuko luke, eta % 0,9k ez luke bozkatuko. 

Sozialistek, aldiz, joan den udaberrian izan zituzten botoen % 77,6 soilik mantenduko lituzkete. % 7,9k iritziz aldatu du bost hilabete hauetan, eta botoaren zentzua aldatuko luke. Beste % 6,6 batek ez luke bozkatuko. 

Bestalde, lider politiko guztien ezagutza-tasak gora egin du azken seihilekoan, Silvan & Miraclek egindako mikrodatuen azterketaren arabera.

Imanol Pradales lehendakaria da arlo honetan puntu gehien irabazi dituena. Maiatzeko EITB Focusean, % 76,5eko ezagutza-datua zuen. Orain, tasa hori % 89koa da, hau da, 10 pertsonatik 9k ezagutzen dute Euskadin.

Pello Otxandiano EH Bilduko liderraren kasuan, hauteskundeak egin aurretik % 69,9ko ezagutza-tasa zuen, eta orain datua % 75,4raino igo da.

Bestalde, Eneko Anduezak (PSE-EE) % 3 egin du gora, maiatzeko % 67,1etik egungo % 70,5era.

Javier de Andres EAEko PPko buruak bi puntu egin du gora, % 59tik % 61era. Ezagutza-tasarik baxuenak Amaia Martinez eta Jon Hernandez Vox eta Sumarreko buruek, hurrenez hurren, dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Javier de Andres Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus Eneko Andueza Sumar Mugimendua Imanol Pradales Pello Otxandiano