Politika -
''Mozal legea''
"Mozal Legearekin behingoz amaitzeko" akordioa egin du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin
Itunari esker, arauaren "neurri kaltegarri guztiak" ezabatzea lortu da, koalizioaren hitzetan. Gomazko pilotak debekatuko dira, agintaritzari egindako errespetu faltengatik eta desobedientziagatik ezarritako isunen "diskrezionalitatea" kenduko da, eta mugetako kanporaketak erreformatuko dira.
EITB Media
Herritarren Segurtasuna bermatzeko Lege Organikoarekin, "Mozal Legea" izenez ezagunagoa denarekin, "behingoz amaitzeko" akordioa erdietsi dute EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak, Mertxe Aizpurua koalizioaren Kongresuko bozeramaileak eta Jon Iñarritu diputatuak gaur prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.
Azaldu dutenez, aurreko legealditik "zintzilik" geratu ziren artikuluak eta "neurri kaltegarri guztiak" ezabatuko dira. Hots, gomazko pilotak debekatuko dira, agintaritzari egindako errespetu faltengatik eta desobedientziagatik ezarritako isunen "diskrezionalitatea" kenduko da, eta mugan egiten diren berehalako kanporaketak erreformatuko dira.
Aizpuruaren hitzetan, PPren lege polemikoa erreformatzearen alde zeuden gainerako taldeek (EAJ, ERC, BNG, Junts eta Podemos) badute adostutakoaren berri, eta zehaztu du moldaketa eta eduki guztiak legez besteko proposamen batean bilduko dituztela. "Uste dugu gehiengoak jarrera baikorra duela tramitazioan aurrera egiteko", nabarmendu du.
Gogora ekarri behar da "Mozal Legearen" erreforma (PSOEK, Podemosek eta EAJk adostu zuten) ezerezean geratu zela aurreko legealdian, EH Bilduren eta ERCren kontrako botoengatik. Hain justu, gaur Espainiako Gobernuarekin adostutako lau puntuak ez txertatzeagatik "Mozal lege lighta" zela salatu zuten biek ala biek.
"Lege berriak aurreko legealdian hainbat talderekin adostutako akordio eta aurrerapenak jasoko ditu, baita blokeoa eragin zuten arlo horiek ere. Akordio honekin egoera desblokeatu eta Mozal legearekin amaitzea lortu dugu", nabarmendu du, pozarren, Aizpuruak.
Adostutako lau aldaketak
Jon Iñarritu diputatuak xehe azaldu ditu akordioaren nondik norakoak. Lehenik eta behin, eta Iñigo Cabacasen heriotza gogoan, gomazko pilotak erabiltzeari uzteko akordioa itxi dutela nabarmendu du. Horren ordez, "hain kaltegarriak ez diren baliabideekin" jardungo dute segurtasun indarrek.
Halaber, lege berriarekin orain arte agintaritzari egindako errespetu faltengatik ezarritako isunen "diskrezionalitatea" bertan behera geratuko da, eta adierazpen askatasuna "bermatu". Gogorarazi duenez, artikulu hori baliatu dute 2015etik "Mozal Legea" delakoaren isun gehienak jartzeko. Aurrerantzean, isun horiek "arrazoi objektiboekin justifikatu" beharko dira eta delitu ez diren irainok "adierazgarriak" izan beharko dira zigortzeko. Gainera, isuna bertan behera geratuko da zigortutako pertsonak atzera egiten badu.
Modu bertsuan, desobedientzia arau-hauste larria izatetik arina izatera pasako da. Hemendik aurrera, bada, bi kasutan ezarriko da isuna: "legezko agindu bat betetzeari ezezko argia" ematen zaionean, eta legearen araberakoa den agenteen agindu bati "gorputza erabilita" erresistentzia azaltzen zaionean.
Azkenik, mugetako berehalako kanporatzeei dagokienez, gehienez ere sei hilabeteko epean Atzerritarren Legea aldatzeko adostasuna lortu dute hiru taldeek. "Irizpide gisa ezarriko da Giza Eskubideen arautegia aplikatzea eta nazioarteko babesaren araudia errespetatzea", zehaztu du. Hori horrela, balizko kanporatze prozedura abiatu baino lehen, "babes eskaeretara sarbide izateko ebaluazioa" egingo da.
Alderdien erreakzioak
Akordioa iragarri eta gutxira inbestidura blokeko taldeak euren jarrera plazaratzen hasi dira. EAJk iragarri du lege proposamen berria sinatuko duela, baina zuzenketak aurkeztuko dituela zehaztu. Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea "pozik" agertu da eta, azpimarratu duenez, gaur adostutako ekimena jeltzaleek 2017an bultzatutako erreformaren "ia-ia berdina da".
Nolanahi ere, "agintaritza printzipioa zehaztu eta moldatzeko" zuzenketak agindu ditu.
Kritikoago azaldu da Pablo Fernandez Podemosen bozeramailea. Horren ustez, akordioa "ez da nahikoa" eta "zuzenketa oso anbiziotsuak" aurkeztuko dituztela iragarri du. Salatu duenez, "ezin zaio Mozal Legearen baliogabetzea deitu, oso labur geratzen da akordioa, ukitu estetikoak baino ez ditu".
"Zuzenketak aurkeztuko ditugu, eta horien arabera, ikusiko dugu onartzen dizkiguten ala ez. Horren arabera erabakiko dugu gure botoa", ohartarazi du.
Miriam Nogueras Juntsen bozeramaileak azpimarratu duenez, bere alderdiak "beti" defendatu du araua indargabetzea, baita "Kataluniarako herritarren segurtasunerako lege demokratiko" bat ere, eta adostutako testuari zuzenketak aurkeztuko dizkiotela aurreratu du, "Juntsek -dio- ez baitu kontzesiorik egiten, negoziatu egiten du".
PSOEk ituna egin izana ospatu du, eta gogorarazi du PPk 2015ean onartutako Herritarren Segurtasunerako Legearen "alderdi kaltegarrienak indargabetzeko" borondatea duela, "herritarren eskubide eta askatasun demokratikoak urratzen eta murrizten" dituzten neurriak direlako, eta, aldi berean, talde guztiekin negoziatzen jarraitzeko prest daudela azpimarratu du.
Enrique Santiago Sumarreko diputatuak ere pozik hartu du akordioa, "PPk mugatutako askatasun publikoak eta eskubideak berreskuratzea" duelako xede. "10 urte betetzear zen legea, eta premiazkoa zen joan den legealditik korapilatuta zegoen egoera desblokeatzea", adierazi du diputatuak.
Borja Semper Alderdi Popularraren bozeramaileak salatu duenez, "akordio honek biolentoak babesten ditu, Bildu legitimatzen du eta Estatuko segurtasun indarrak babesik gabe uzten ditu, gure kaleetan eta gure mugetan", eta neurria lehengoratuko dutela zin egin du.
Voxek koalizio-gobernuaren aurka egin du ostegun honetan, Bildurekin Herritarren Segurtasunerako Legea erreformatzea adostu duelako. Pepa Rodriguez de Millan Voxek Kongresuan duen bozeramaileak X sare sozialean (lehen, Twitter) adierazi duenez, "legeak idazten dituztenak Espainiako herriaren borreroak izateak Gobernu honen zitalkeriaren berri ematen du".