Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: EITB Focus: Pradalesen lehen 100 egunak, Israel-Iran, eta Errenteria eremu tentsionatu
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko urriaren 2an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EITB Focus: Imanol Pradales lehendakariaren lehen 100 egunak: Ehun eguneko jardunaren ondoren, EAEko herritarrek 10etik 5,99ko nota jarri diote Imanol Pradalesen lehendakaritzaren kudeaketari. 2024ko irailean egindako EITB Focus inkestaren arabera, hamar pertsonatik seik 5 eta 10 arteko nota eman diote Eusko Jaurlaritza berriari. Halaber, Eusko Jaurlaritzak izan beharko lituzkeen lehentasunen inguruan galdetuta, Osasunaren eta Osakidetzaren aldeko Itunak (8,92), Etxebizitza Planak (8,43) eta Hezkuntza Politikak (8,41) aipatu dituzte, hurrenkera horretan.
- Israel-Iran: Ekialde Hurbilean Israelen eta Iranen arteko eskala handiko aurrez aurrekoa geroz eta gertuago dago, azken orduetan bi aldeen partetik izan diren erasoen ondoren. Iranek gutxienez 200 misil jaurti ditu Israelen aurka, Hamas eta Hezbollahko buruzagien hilketei erantzunez. Iranek egindako "akats larriaren" ondorioak "ordaindu" egingo dituela nabarmendu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak.
- Errenteria, eremu tentsionatu: Errenteria eremu tentsionatu izendatuko dute eta izendapen hori jasotzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko lehen udalerria izango da. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eskabideak bidaltzen dituenetik hiru hilabete izango ditu Etxebizitza Ministerioak eremu tentsionatuaren izendapena onartzeko.