Politika -

EAJ

EAJk barne-hauteskunde prozesuak deitu ditu, lurralde guztietan

Hauteskunde prozesuak batera egingo dira, lurralde guztietan, eta azaroaren 23 eta 24an amaituko dira. 2025eko martxoan alderdiaren buruzagitza berria aukeratuko dute eta biltzar nagusia egingo dute.

EAJko kideak irailaren 29ko Alderdi Egunean. Argazkia: EFE.
EAJko kideak irailaren 29ko Alderdi Egunean. Argazkia: EFE.
EAJko kideak irailaren 29ko Alderdi Egunean. Argazkia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euzko Alderdi Jeltzaleak lurralde bakoitzeko barne karguak berritzeko hauteskunde prozesuak hasi ditu. Lehen urratsa urriaren 1ean egin dute, herrialde bakoitzeko zuzendaritzak hauteskunde-egutegia onartu dituenean. Amaiera azaroaren 23an eta 24an izango da Hego Euskal Herrian, lurralde organoetako barne-karguak hautatuta.

EAJren barne-ordezkariak hautatzeko prozesuak bi itzuli izango ditu eta egutegia berbera izango da Araban, Bizkaian eta Nafarroan.

Lehen itzulia urriaren 17tik eta 29ra bitartean egingo dute eta alderdiko afiliatuek karguetarako hautagaien izenak proposatu ahal izango dituzte. Bigarren fasean, azaroaren 8tik 20ra bitartean, udalerrietako batzarrek lehenengo itzulitik ateratako hautagaien zerrendak bozkatuko dituzte. Azaroaren 23an, Lurralde Batzarrek lurralde bakoitzeko barne-karguak izendatuko dituzte.

Gipuzkoako egutegia honakoa izango da: lehen fasea urriaren 17tik 27ra bitartean egingo da eta bigarrena azaroaren 7tik 17ra bitartean. Karguak azaroaren 24an izendatuko dituzte.

Ipar Buru Batzarrak, bere aldetik, hurrengo egunetan jakinaraziko du zein izango den karguak aukeratzeko egutegia.

Prozesuan zehar, lurralde bakoitzeko presidenteak eta burukideak, Justiziako Lurralde Auzitegiko kideak eta alderdiaren Batzar Nazionalean lurralde bakoitzak izango dituen ordezkariak aukeratuko dituzte.

Batzar Nazionala 2025eko martxoaren 29an eta 30ean egingo dute Donostian, eta, bertan, alderdiaren zuzendaritza aukeratuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eguneko albisteak Albisteak