Politika -
EITB FOCUS
Hamar herritarretik lauk Gernikako Estatutua hobetzearen alde egin dute, eta % 21ek estatus berri baten alde
2024ko irailean egindako EITB Focus inkestak euskal autogobernuaren etorkizunari buruzko aukeretaz galdetu die herritarrei. Galdera horri erantzunez, hamarretik lauk Gernikako Estatutua hobetzearen alde egin dute.
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
2024ko irailean egindako EITB Focus inkestak euskal autogobernuaren etorkizunari buruzko aukeretaz galdetu die herritarrei. Galdera horri erantzunez, hamarretik lauk Gernikako Estatutua hobetzearen alde egin dute. Erdiak, % 21,3k, nahiago dute harreman-estatus berri bat adostea. Azkenik, % 19,3 egungo Estatutua "dagoen bezala" mantentzearen alde agertu dira.
Gernikako Estatutua hobetzeko aukera da nagusi alderdi guztien boto-emaileen artean, baita EAJren boto-emaileen artean (% 52,8) eta EH Bilduri botoa emandakoen artean ere (% 41,1). Hala ere, koalizio subiranistaren boto-emaileen artean dago Estatus berriaren aldekoen zifrarik altuena (% 38,1).
Emaitzak Lurralde Historikoka begiratuz gero, Gipuzkoak eman dio babes handiena Estatutu berriaren aukerari (% 24,2), eta Arabak txikiena (% 16,9).
Aitzitik, bizkaitarrak dira egungo Estatutua hobetzearen alde gehien egiten dutenak (% 45,4), ondoren gipuzkoarrak (% 40,9) eta azkenik arabarrak (% 34,4). Hala, Araban gehienek nahiago dute Gernikako Estatutua bere horretan uztea (% 29,5).
Metodologia
Bizitokia EAEn eta Nafarroan duten 1.600 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (400 lurralde historiko bakoitzean eta 400 foru erkidegoan).
Galdeketak irailaren 19tik 27ra bitartean egin zituzten, telefonoz.
Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.