Politika -
Auzitegi Gorena
Goreneko Fiskaltzak ez du uste fiskalburua ikertu behar denik Ayusoren bikotekidearen datuak kaleratzeagatik
Alberto Gonzalez Amador Madrilgo presidentearen bikotekideak Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusia salatu zuen, haren iruzur fiskalaren auzian hainbat dokumentu argitaratzea egotzita.
Agentziak | EITB Media
Auzitegi Goreneko fiskalaren ustez, ez dago Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusia sekretuak agerrarazteko delituagatik ikertzeko arrazoirik. Alberto Gonzalez Amador Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen bikotekideak Garcia Ortiz salatu zuen haren auziko dokumentuak argitaratzeagatik.
Gonzalez Amador ikerketapean dago bi delitu fiskal egotzita, eta horiek aitortzen zituen mezu elektronikoak —bere abokatuak Julian Salto fiskalarekin trukatutakoak— zabaltzeagatik jo zuen Fiskaltzaren kontra. Madrilgo Auzitegi Nagusian aurkeztu zituen kereilak, eta ondoren, auzitegi horrek Gorenera bidali zuen ikerketa.
Hain justu, ikerketa horren beharrik ez du ikusi orain Goreneko fiskalak, eta auzia artxibatzea eskatu du.
Fiskaltzaren txostena mahai gainean duela, Auzitegi Gorenari dagokio orain fiskalburuaren balizko ikerketaren inguruan erabakitzea. Susana Polo magistratu aurrerakoia da txostengilea, eta areto berean, Manuel Marchena, Antonio del Moral, Juan Ramon Berdugo eta Carmen Lamela magistratuak ditu lagun (denak ere kontserbadoreak).