Politika -
Eusko Legebiltzarra
Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoen eredua berrikusteko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Osasun Sailari
Legegintzaldiko lehendabiziko osoko bilkuran, EH Bilduk eta Eusko Jaurlaritzaren zutabe diren bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE) adostutako erdibideko zuzenketak aurrera egingo du.
EITB Media
Eusko Legebiltzarrak Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoen (LEP) eredua "berrikustea" eta abian dauden finkatzeko prozesuak amaitzeko eskatu dio Osasun Sailari. Atzo iragarri bezala, EH Bilduk eta Eusko Jaurlaritzaren zutabe diren bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE) adostutako erdibideko zuzenketak aurrera egin du. EH Bilduk bezala, Eusko Jaurlaritzako bazkideek jarrera aldaketa antzematen diote beste aldeari.
XIII. legegintzaldiko aurreneko osoko bilkuran, beste gai batzuen artean, Osakidetzari buruzko legez besteko proposamena eztabaidatu dute Eusko Legebiltzarrean.
Eztabaidaren osteko bozketan, aldeko 66 boto (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE), kontrako bat (Talde Mistoa-Vox) eta zazpi abstentzio (PP eta Talde Mistoa-Sumar) izan dira. Onartutako testuan, Osasun Sailari eskatu diote, besteak beste, irekita dauden finkatzeko prozesuak amaitzeko, eta Lan Eskaintza Publikoak azkar ebazteko neurriak hartzeko.
Horrez gain, Osakidetzako erakunde sanitario integratu bakoitzean dauden asistentzia beharrak identifikatzeko eta langileei balorazio horren arabera "agintzeko" galdegin dute.
Langileei egonkortasun handiagoa emango dioten formulak Osakidetzako mahai sektorialean jorratzea ere aldarrikatu dute.
Bozketaren aurreko eztabaidan, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak EAJren eta PSE-EEren jarrera aldaketa txalotu du. Edozein kasutan, ez dela txeke zuria ohartarazi du eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu die.
EAJk eta PSE-EEk EH Bilduren jarrera aldaketari txalogarri iritzi diote, nahiz eta Jon Aiartza legebiltzarkide jeltzalea zuhurrago mintzatu den. Aiartzak akordioaren bidetik jarraitzeko gonbita luzatu dio koalizioari, osasun arloan dagoen erronka "adostea" dela iritzita.
Bestalde, Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako alderdien posizioak eta EH Bildurenak ez daudela "hain urrun". Hala ere, benetan garrantzitsuena Osasun Mahaian ados jartzea dela uste du.