Politika -
Osoko bilkura
Legegintzaldiko aurreneko bilkura abian, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren arteko ituna protagonista dela
Ohiko jardunari ekin dio, horrenbestez, Ganberak. EAEren senatari ordezkariak eta Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluko kideak aukeratu dituzte, eta, ondoren, eztabaidatzeari ekin diote, legez besteko lau proposamen mahai gainean dituztela.
E. G. | EITB Media
Eusko Legebiltzarrak ohiko jardunari heldu dio gaur, ostegunarekin, XIII. Legegintzaldiko aurreneko osoko bilkura eginda. Ganbera martxan dago maiatzetik, baina azken eztabaida otsailean egin zuen, artean aurreko legegintzaldia indarrean zela (Urkulluren gobernuaren azken hiru legeak onartu ziren orduan). Gaurko osoko batzarraren ondotik, bihar egingo dute Jaurlaritza berriaren lehen kontrolerako saioa.
Taldeek adostasunerako duten borondatea neurtzeko balioko du gaurko bilkurak eta, hain justu, akordio bat izango du lege aurreneko bilkurak: atzo Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek EH Bildurekin Osakidetzari buruz erdietsitakoa.
Saioa 09:30ean hasi da, hainbat izapiderekin. Aurrena, EAEren senatari ordezkariak hautatu dituzte —beste behin, Estefania Beltran de Heredia (EAJ), Idurre Bideguren (EH Bildu) eta Alfonso Gil (PSE-EE) izango dira karguan—; ondoren, sei legebiltzarkide sozialisten inguruko Bateraezintasunen Batzordearen irizpena aztertuko da. Azkenik, Gogora institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak izendatu dituzte.
Behin horiek eginda, eztabaidari ekin diete taldeek. Koalizio subiranistak Osakidetzaren lantaldea "argitzeko eta ordenatzeko" legez besteko proposamena aurkeztu zuela eta, EAJk eta PSE-EEk ekimenera batzea ebatzi zuten atzo. Hala, honako hau eskatuko diote Osasun Sailari: Osakidetzako kontsolidazio prozesuak amaitzea eta lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea".
Ganbera Venezuelara begira ere jarriko da, Jaurlaritzako bi bazkideek, EAJk eta PSE-EEk, elkarrekin aurkeztu duten legez besteko proposamena tarteko. Bi taldeek "kezka" agertu dute "Presidenterako hauteskundeen ondoren Venezuelan dagoen egoeragatik, gero eta atxiloketa arbitrario gehiago eta oposizioaren aurkako etengabeko jazarpena direla eta". Horren aurrean, "errepresioa eta jazarpena berehala bertan behera uzteko" eskatuko diote Maduroren gobernuari eta hauteskundeetako emaitzen aktak argitaratzeko. Jeltzaleek eta sozialistek ez dute idatzian jaso Edmundo Gonzalez Venezuelako presidente hautatu gisa aitortzea.
PPk eta EH Bilduk osoko zuzenketa bana aurkeztu diote ekimenari, baina gehiengoen banaketa ikusita (EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute), ez du ematen aurrera aterako direnik.
Koalizio abertzaleak eta Sumarrek aurkeztutako proposamen bana ere izango da mahai gainean, biak ala biak etxebizitzaren ingurukoak eta batera eztabaidatzekoak. Tentsio eremuak izendatzeko prozedura azkartzeko neurriak lehenbailehen hartzeko eskatuko diote Jaurlaritzari. Errenteriak eta Zumaiak (Gipuzkoa) aurkeztua dute eskaera.
Azkenik, PPk ekimena aurkeztu du EAEk Espainiako Estatuan Unibertsitatera sartzeko Ebaluazio bera izan dezan.
Ganberaren kanpoaldean, bestalde, elkarretaratzea dute deituta Erne, Esan eta Sipe Ertzaintzaren sindikatuek, lan hitzarmenaren negoziaziorik ez dagoela salatzeko.