Politika -

FINANTZIAZIOA

Pradalesek eta Chivitek elkar hartuta defendatu dituzte euren sistema fiskal propioak

Etengabe ari dira Kontzertua eta Hitzarmen Ekonomikoa defendatzen, PSOEk ERCrekin Kataluniako finantziazioa aldatzeko egindako akordioak sortutako polemika dela eta.

Pradales eta Chivite. Argazkia: EFE
Pradales eta Chivite. Argazkia: EFE
Pradales eta Chivite. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak euren sistema fiskalak (Kontzertu Ekonomikoa eta Hitzarmen Ekonomikoa) defendatu dituzte Noticias taldeko egunkarietan argitaratutako artikulu batean.

Testu horretan Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren buruek azaldu dutenez, sistema fiskal propioak historiak, Konstituzioak eta maila guztietako ebazpen judizialek (Konstituzionalarenak eta Luxenburgokoak, besteak beste) bermatuta daude.

"Kontzertua eta Hitzarmen Ekonomikoa foru tradizio historikoaren jarraipena dira, eta gaur egun aitortza juridiko, politiko eta jurisprudentziala duten arren, kritiken jomugan daude, erabilera alderdikoiarekin", gaitzetsi dute.

Pradales eta Chivite etengabe ari dira Kontzertua eta Hitzarmen Ekonomikoa defendatzen, PSOEk ERCrekin Kataluniako finantziazioa aldatzeko egindako akordioak sortutako polemika dela eta.

Horren harira Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren buruek azpimarratu dutenez, arazo nagusia da "ez dela aurkitu autonomia erkidego guztiak modu egokian finantzatzeko modurik 1980an Autonomia-erkidegoak Finantzatzeari buruzko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoa onartu zenetik, bereziki azken bi hamarkadetan, erkidegoak bihurtu baitira zerbitzu publiko nagusiak ematen dituztenak: osasuna, hezkuntza eta zerbitzu sozialak".

Horien esanetan, sor daitezke erkidegoak finantzatzeko sistema "multilateralak edo aldebiko maila handiagoarekin edo txikiagoarekin, gure eredu partikularraren antza izan dezaketenak, baina ez lukete Kontzertuak eta Hitzarmen Ekonomikoak duten segurtasuna eta egonkortasuna edukiko".

Berretsi dutenez, EAEko eta Nafarroako finantzazio sistemak "alde bateko arriskua" dakar, EAEk eta Nafarroak diru kopuru bat eman behar diotelako Estatuari, Estatuko Aurrekontuetan Zehaztua, zerga bidez jaso duten dirua gorabehera, eta "ez dute aparteko finantziaziorik jasotzen krisi ekonomiko garaietan".

Pradalesen eta Chiviteren arabera, euren sistemak solidarioak dira gainerako erkidegoekin urtero Lurralde arteko Konpentsazio Funtsari ematen dioten diruagatik eta Estatuaren zor publiko osoaren gainean duten pisuagatik.

Gainera, Kupoa eta Ekarpena (urtero Estatuari ordaintzen diotena) ordezkatzen duten herritarren ehunekoa baino handiagoa (% 6,4 EAEk eta % 1,5 Nafarroak) dela nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Kontzertu Ekonomikoa Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua María Chivite Imanol Pradales