Politika -
Alderdi Eguna
Zarate (EAJ): "Alderdi Egun berezia izango da, Batzar Nagusirako abiapuntu izango delako"
Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak datorren igandean Forondan 'Alderdia Gara' lelopean ospatuko den 48. Alderdi Eguna aurkeztu du larunbat honetan.
Agentziak | EITB
'Alderdia Gara' da EAJk aurtengo Alderdi Egunerako aukeratutako leloa, "inoiz baino batuago" egoteko balioko duena, 2025eko Batzar Nagusirako bidea abiatzeko.
Hala azaldu du larunbat goizean Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak Forondako zelaietan, hain zuzen ere, datorren igandean, irailaren 29an, 48. Alderdi Eguneko ospakizunaren agertokian.
Zaratek azaldu duenez, aurtengo Alderdi Eguna "benetan berezia" izango da, "sei hilabete barru egungo dugun Batzar Nagusirako abiapuntua izango delako". Izan ere, 2025eko martxoan egingo duten batzar horretan erabakiko da alderdiaren zuzendaritza berria, artean zehaztu gabe dagoelarik Andoni Ortuzar (egungo burua) aukertuko den ala ez karguari eusteko.
"Gure momentua da, Alderdiaren momentua da, eta Alderdia geu gara, alderdikideok; horregatik aukeratu dugu 'Alderdia Gara' goiburua", azaldu du Zaratek. "'Alderdia Gara' harro egoteko moduko gauza delako Euskadi gaur dena izatea eragin duen alderdiko kide izatea. Gure ibilbideaz harro gaudelako. Harro gure ordezkariekin, baina, batez ere, harro gure jendearekin, gure alderdikideekin, gure militantziarekin, EAJ-PNV osatzen duten guztiekin", gaineratu du.
Alderdi Egunean, ekitaldi politikoaz gain egongo diren ekitaldiak aurkeztu ditu Zaratek, eta hauek aipatu ditu: txiki-txokoa ludoteka eta puzgarriekin, jumping-gunea, 5D zinema, aerogiroa, rokodromoa, tirolina, paintballa, simulagailuen kamioia, joko birtualak, herri kirolak, erromeria eta, bazkalostean, disko-festa.
Alderdi Egunak 400.000 metro koadroko zabalera hartuko du, 20.000 bat bazkari zerbitzatuko dira, eta, urtero bezala,"ekitaldia antolatzeko lanetan hiru aste daramatzaten 90etik gora boluntarioen ahaleginari esker" egin ahal izango da.