Politika -
Batzarra
"Hitzetatik ekintzetara" igarotzeko eta eskumenen transferentzia azkartzeko eskatuko dio Pradalesek Sanchezi
Bi agintariek uztailaren 26an izan zuten lehen bilera Gasteizen. Bertan, Gernikako Estatutua "osorik betetzeaz" hitz egin zuten, Pedro Sanchezen inbestidura akordioan EAJrekin hitzartu bezala.
EITB Media
Imanol Pradales lehendakariak "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) eskualdatu gabe dauden eskumenen transferentzia azkartzeko eskatuko dio gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.
Bi agintariek uztailaren 26an izan zuten lehen hitzordua Gasteizen, Pradales lehendakari izendatu ondoren. Bertan, Gernikako Estatutua "osorik betetzeaz" hitz egin zuten, Sanchezen inbestidura akordioan EAJrekin adostu bezala.
Oraindik ere eskumen garrantzitsuak daude EAEra iristeko, hala nola Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa, enplegu-politika pasiboak edo portu eta aireportuen kudeaketa.
Epe laburrean, baina, bi gobernuak beste sei transferentzia negoziatzen ari dira: itsasertzaren kudeaketa, atzerritarren lanerako baimena, itsas salbamendua, meteorologia, makinak egiaztatzeko zentroa eta zinematografia babesteko funtsa. Estatuaren eta EAEren arteko Aldebiko Batzordea udazkenean biltzea adostu dute, eskumenen lehen zerrenda hori onartu ahal izateko.
Bestalde, hasiera batean, gaurko batzarrean ez zuten hizpide izan behar EAEren egoera erkidegoen finantzazioari buruzko eztabaidan, Euskal Autonomia Erkidegoak Kontzertu Ekonomiko propioa baitu.
Hala ere, Lehendakaritzako iturriek azaldu dutenez, Pradales Espainiako presidentearen "planteamenduak entzutera" joan da. "Finantziazioa mahai gainean egongo den gaia da, baina Eusko Jaurlaritzari eztabaida hori ez dagokiola uste du, hemen Kontzertu Ekonomikoa dugulako", gaineratu dute.
Iturri horien arabera, lehendakariak agenda propioa jarriko du mahai gainean. Transferentzien inguruan, Sanchezek eta Pradalesek "batzar bat egin behar dute horretarako, eta bilera honek ez du eskumenei buruz hitz egiteko geratzen den bestea baliogabetzen, eta data adostu beharko da". Pradalesek Sanchezi hori gogorarazteko aprobetxatu du batzarra.
Azkenik, Venezuelan atxilotutako bi bilbotarren egoera izan nahi zuen hizpide Pradalesek.