Politika -

EUSKO JAURLARITZA

Zupiria: "Euskadin segurtasun sentsazioa areagotzea ere gure lana da"

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordean, Sailak legealdi honetan dituen helburuak aurkezteko.

Zupiria, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordean. EFE
Zupiria, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordean. EFE
Zupiria, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordean. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak herritarren segurtasun faltari aurre egiteko lan egingo duela hitzeman du: "Euskadin segurtasun sentsazioa areagotzea ere gure lana da".

Segurtasun sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordean, Sailak legealdi honetan dituen helburuak eta erronkak aurkezteko. Zupiriaren arabera, "Euskadi herri segurua da", nahiz eta onartu salatutako delituen kopuruak eta herritarren segurtasun faltak gora egin duela azken urteetan. Hori dela eta, uste du beharrezkoa dela "pertzepzio" horri erronka gisa aurre egitea.

Zupiriak azaldu duenez, Ertzaintzak konpromiso "sendoa" du delituen prebentzioarekin eta jazarpenarekin. Alde batetik, prebentzioaren garrantzia azpimarratu du, "askoz eraginkorragoa delako prebentzioa hobetzeko lan egitea, gertakariei aurre egitea baino". "Lan asistentzialaren, laguntzearen filosofiak egon behar du Ertzaintzaren DNAn. Aukera ezin hobea da herritarrei edonoiz, edonola eta edozertan laguntzeko prest gauzkatela erakusteko" gaineratu du. Halaber, Ertzaintzak "delituak egiten dituenaren zigorgabetasuna" saihesteko lan egiten duela aldarrikatu du.

Ertzaintzak etengabe eboluzionatu behar duela nabarmendu du Zupiriak: "Zerbitzua ematen dion gizartean gertatzen diren aldaketetara egokituta egin behar du aurrera".

Bestalde, segurtasun integrala eta interkonektatua lortzeko asmoz, Euskadiko polizia indarren arteko koordinazioa hobetzea eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren artean informazioa partekatzeko sistema bat ezartzea defendatu du.

Ertzaintzako gatazkari dagokionez, Zupiriak konpromisoa hartu du Ertzaintzaren Laneko Baldintzen Akordioari buruzko elkarrizketa eta ituna bultzatzeko eta "talanterik onenarekin eta dedikaziorik handienarekin" ekiteko.

Indarkeria matxista, zibersegurtasuna eta eskumenak

Sailburuak legegintzaldi honetarako aurreikusitako ekimenen artean, genero ikuspegia duen segurtasun sistema bat garatzea azpimarratu du. Horien artean, genero indarkeriaren aurkako EBA sistema (Etxekoen eta Emakumeen Babesa) eta Espainiako Barne Ministerioaren VioGen lotzea eta Udaltzaingoarekin Koordinazio Protokolo bat ezartzea aipatu ditu, genero indarkeriaren arloan erantzun bateratuak emateko.

Ziberdelituek gora egin duten honetan, zerbitzua egungo errealitatera egokitu behar dela uste du Zupiriak. Erronken artean nabarmendu ditu, besteak beste, Ertzaintzan ziberinteligentzia sustatzea, zibersegurtasunaren aldeko Euskal Ituna bultzatzea, eta Ertzaintzan zibersegurtasuna koordinatzeko buruzagitza bat sortzea.

Azkenik, Zupiriak Eusko Legebiltzarreko agerraldia baliatu du Espainiako Estatuak, besteak beste, "meteorologia zerbitzuak" eta "itsas salbamenduarekin" lotutako bitartekoak eta zerbitzuak eskualdatu behar dituela gogora ekartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Delituak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Eraso informatikoak gaur