Politika -
BATZARRA
Sumarrek irailaren 23an abiatuko du sortze-batzarra EAEn, euskal politikaren "eraldaketaren buru izateko"
Alba Garcia Sumar Mugimenduaren Euskadiko buruak nabarmendu duenez, batzarraren helburua da "euskal politika benetan aldatuko duen mugimendu bat eraikitzea".
EITB MEDIA
'Alda dezagun euskal politika' goiburupean, Sumar Mugimenduak irailaren 23an abiatuko du sortze-batzarra Euskal Autonomia Erkidegoan. Aurrena, Koordinadora Nazionalerako eta Berme Batzorderako hautagaitzak aurkezteko epea zabalduko dute, eta eztabaida-fasearen eta bozketaren ondoren, abenduaren 1ean amaituko dute 'Mugimendua Eraikiz' izena hartuko duen prozesua.
Gaur zabaldutako ohar batean, Sumar Mugimenduak esan du "euskal subjektu politiko bat eratzea" dela asmoa, "euskal herritarren erronka eta arazo nagusien neurrikoa izango dena". Taldea "ideologikoki berrantolatu" eta "harro egoteko moduko herrialdea eraiki" nahi dute. Berdintasuna, feminismoa eta trantsizio ekologikoa izango dituzte ardatz.
Batzarrean "eraldaketarako" prestatu dituzten "dokumentu politiko, antolatzaile eta etikoen zirriborroak" aurkeztuko dituzte, eta webgunean argitaratuko dituzte. "Zirriborro horiek izango dira herritarren mugimenduaren norabidea markatuko duten zutabe ideologikoak, gure herrian eskubide sozialetan aurrera egiten jarraitzeko", esan dute oharrean.
Ondoren, eztabaida prozesua zabalduko dute —irailaren 24tik azaroaren 10era—, eta banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira zuzenketak. Bozketa, berriz, azaroaren 27tik 29ra izango da.
Alba Garcia Sumar Mugimenduaren Euskadiko buruak nabarmendu duenez, batzarraren helburua da "euskal politika benetan aldatuko duen mugimendu bat eraikitzea".