Politika -
Diputatuen Kongresua
Inbestidura bloketik urrunduta, aldi baterako alokairua mugatu asmo zuen legearen kontra egin du Juntsek
Talde katalanak abstentzioa zuen iragarrita, baina azkenean eskuinarekin batera bozkatu du Sumarren lege proposamena aintzat ez hartzeko. Betoaren ostean, Etxebizitza Ministerioak iragarri du beste araudi bat onartuko duela 2025 amaitu baino lehen.
Agentziak | EITB media
Inbestidura blokean —Sanchezen gobernua babesten duten taldeek osatutakoa— beste arrakala bat eragin du Juntsek, eta PPrekin, Voxekin eta UPNrekin batera, aldi baterako alokairuari muga jarri nahi zion lege ekimen baten kontra egin du Kongresuan.
Maizterren sindikatuak eskatuta, Sumarrek sei hilabetera mugatu nahi zuen aldi baterako zein logelako alokairua. Etxe jabeek, Etxebizitza Legearen betebeharrak saihestu asmoz, aldi baterako alokairuaren formula darabilte, ohiko alokairuaren ordez.
Aurreikuspenen arabera, talde katalanak abstentziora jo behar zuen eta, beraz, lege egitasmoa tramitera onartu behar zuen Kongresuak. Sumarren hitzetan, bozketa baino hiru minutu lehenago, kontra bozkatuko zuela jakinarazi die Juntsek. Bozketaren emaitza honakoa izan da: 178 boto kontra, eta 172, alde (PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ, Podemos, BNG, Coalición Canaria eta Jose Luis Abalos).
Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak X sare sozialean azaldu duenez, Juntsek ez du iritzia aldatu. "Ez gara gu izango Kataluniako eskuduntzak urratzen dituen lege bat onartzea erraztuko dugunak. Gobernu zentralak ondo baino hobeto daki gure lerro gorri bat dela", argudiatu du.
Lege egitasmoa babestu duten taldeak eta maizterren sindikatua oso kritiko azaldu dira Juntsekin. "Akordioa geneukan talde parlamentarioekin, eta aldi baterako alokairuan egiten diren abusuzko praktikak geldiarazteko gehiengoa genuen. Juntsek bozketa baino hiru minutu lehenago jakinarazi du kontra bozkatu behar zuela, eta adostutakoa urratu du", kritikatu du Iñigo Errejon Sumarren eledunak.
Ministerioak beste araudi bat agindu du
Betoaren ostean, biharamunean, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroak iragarri du 2025a bukatu baino lehen aldi baterako alokairuak mugatzeko beste araudi bat onartzeko asmoa duela.
Rodriguezen esanetan, testua profesionalen talde batekin ari dira lantzen; "ondo ezagutzen dute zer ari den gertatzen etxebizitzaren merkatuan".