Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Anduezak EAJri ohartarazi dioenez, "ez da komenigarria" Jaurlaritzaren gehiengoarekin "jolastea"
Buruzagi sozialistaren ustez, EAJ EH Bildutik "bereizi" nahian dabil Madrilen, eta Sanchezi ematen dion babesean aldaketarik balego, Jaurlaritzako bi bazkideek duten harremana "aztertu beharko" litzatekeela ohartarazi du. Halaber, Guggenheim Urdaibairen "dimentsioa" zehazteko deia egin du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiaren arabera, "nabaria" da azken asteotan EAJ EH Bildutik "aldetzeko, bereizteko" ahaleginean dagoela Madrilen, eta jarrera hori alderdi bakoitzaren "estrategiaren barruan" kokatu badu ere, ohartarazpena egin die jeltzaleei. Izan ere, nabarmendu duenez, jeltzaleek Pedro Sanchezen Gobernuari ematen dioten babesean aldaketarik balego, "logikoki" PSE-EEk eta EAJk Jaurlaritzaren baitan duten "harremana ezberdina" izango litzateke; "aztertu beharko litzateke", erantsi du.
Anduezak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpenok. Buruzagi sozialistaren aburuz, Jaurlaritzan dagoen egonkortasuna "gehiengo baten ondorioz da, eta gehiengo hori PSE-EEk emana da, EAEko hauteskunde autonomikoetan EAJren beherakada ikusita". "Ez da komenigarria horrekin jolastea, espekulatzea", ohartarazi du.
Guggenheim Urdaibai proiektuaz duen iritziaz galdetuta, zuhurrago azaldu da Andueza, eta horren "dimentsioa" zehaztearen alde agertu da. "Ez dut esango alde edo kontra nagoen, baina bai informazio guztia behar dugula, ez dakigulako zer dimentsio edukiko duen", argudiatu du. Dena den, hori zehaztuta, erakunde guztien artean —Jaurlaritza bera ez ezik, Ministerioa, Aldundia eta udalak ere tartean daudela gogora ekarri du— "adosteko prest" dagoela azpimarratu du.
Euskal Y proiektua ahotan, argitu nahi izan du berak ez duela Nafarroarekin lotunea egiteko Gasteiz lehenetsi, Ezkio-Itsasoren (Gipuzkoa) kaltetan, eta berretsi du Ministerioak amaitzeke duen txostenaren arabera finkatuko duela bere jarrera. Bigarren "ñabardura bat" ere egin nahi izan du, hori ere jeltzaleei zuzenduta: "Askotan atzerapenen kontua entzun diet alderdi batzuei eta lehendakariari berari, baina hemen historiarekin zintzotasun bat eduki behar dugu, eta horien jarrera aztertu. Batzuek (proiektua) boikoteatzeko jarrera izan dute, eta beste beste batzuek, instituzioak eta Lehendakaritza zutenean, ez dut esango horri frenoa jarri ziotenik, baina bai proiektu asko kajoian sartu zituztela". Anduezaren ustez, atzerapenen erantzukizuna partekatua da, horrenbestez.
Azkenik, Anduezak balioan jarri du Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak EAEko gutxieneko soldata egokitzeko egindako hausnarketa. Buruzagi sozialistak ez du, ordea, kopururik zehaztu nahi izan. "Ezin dugu subasta bat bihurtu, seriotasuna behar da", adierazi du EH Bilduk eta LABek egindako proposamenen harira.