Politika -
Eusko Jaurlaritza
Urdaibaiko Guggenheim museoaren egitasmoan aurrera egiteko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak
Euskara lan munduan eta teknologien alorrean indartzeko itunak lortu nahi dituela ere jakinarazi du Ibone Bengoetxeak Legebiltzarreko Kultura eta Hizkuntza Politika Batzordean egindako agerraldian.
Agentziak | EITB Media
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura sailburuak Legebiltzarreko Kultura eta Hizkuntza Politika Batzordean egin duen agerraldian Urdaibaiko Guggenheimen proiektuan aurrera egiteko konpromisoa erakutsi du. Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, eragile "ezberdinei entzunez eta elkarrizketaren bidez", aurrera egiteko asmoa dutela azaldu du.
Hurrengo lau urteetarako sail honek dituen erronka nagusien artean kokatu du euskararen erabilera sustatzeko jauzi kualitatibo bat. Ildo horretan, udalerri guztietan eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izan daitezen itun bat lortzearen alde dago, eta lan-munduan eta ingurune digitalean lekua irabaz dezan adostasun soziopolitikoa lortzea du helburu.
Europan ofizialtasuna lortzea ere legealdi honetako helburu gisa jarri du Bengoetxeak. Ikaskuntzan doakotasunaren bidean aurrera egitearen alde egin du, eta dei egin du euskara eztabaidetatik bereizteko adostasunetara iristeko.
EITBk hizkuntza-teknologiak garatzeko eta euskarazko edukiak eta produktuak sortzen laguntzeko duen zeregina ere nabarmendu du.
Artearen alorrean, sortzaileei beren talentuak garatzeko tresnak emango zaizkiela iragarri du Bengoetxeak. Hori dela eta, ekoizpenerako azpiegiturak eta politikak indartuko direla azaldu du, "bereziki emakumeenak" eta euskarazko ekoizpena sustatzen dutenak.
Bengoetxeak Kulturaren Euskal Sistemaren lege berri bat iragarri du, eragileen koordinazioa indartuko duena, gizartearen aniztasuna kontuan hartuko duena eta kultura eskuragarriago egingo duena. Era berean, artista eta sortzaileen lan-baldintzak bermatu eta hobetzeko proiektu bat onartuko dela iragarri du, eta horien mugikortasuna babestuko dela nazioarteko jaialdi, azoka eta foroetan.
Guggenheim Urdaibai proiektuan egindako aurrerapenez gain, inbertsio kultural gehiago ere nabarmendu ditu, hala nola Gasteizko Principal antzokia eraberritu eta handitzea, eta Donostiako Udalarekin lankidetzan aritzea hiria Europako erreferente kultural gisa kokatzeko eta Victoria Eugenia antzokiko espazio teknikoa hobetzeko eta berritzeko proiektuak aztertzeko.
Euskal selekzioak
Kirolen arloan, Bengoetxeak erronka gisa jarri du EAE Europako gizarte aktiboenen artean kokatzea. Horretarako, 'Kirol txartela' eta 'Mugiment' programa ezagutzera emateko eta goi mailako kirolerako Basque Team zentro berria martxan jartzeko konpromisoa hartu du.
Eusko Jaurlaritzak selekzioen ofizialtasunean aurrera egitea erabakitzen duten euskal kirol federazioei eta nazioartean lehiatzen diren kirolari eta taldeei lagunduko diela iragarri du.