Politika -
Urte politiko berria
Legealdiko programak zehaztuko dituzte sailburuek astelehenetik aurrera Legebiltzarrean
Hain zuzen ere, irailaren 16tik 25era egingo dituzte aurkezpenak. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea izango da horretan lehena. Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek ere astelehenean bertan hartuko du hitza.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Imanol Pradalesen gobernuko sailburuak Eusko Legebiltzarretik igaroko dira banan-banan astelehenetik aurrera, legealdi honetarako prestatu dituzten programak zehazteko.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea izango da horretan lehena. Gainera, Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek ere astelehenean bertan hartuko du hitza.
Egunean bi agerraldi egongo dira, irailaren 25era arte. Egun horretan, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko arduradun Maria Jesus San Josek itxiko du aurkezpen sorta.
Udako etenaldiaren ondotik, berriro martxan jarriko duten urte politikoak ez du oraingoan Politika Orokorreko Eztabaidarik izango. Lehendakariak hurrengo hilabeteetarako dituen erronkak aurkeztu ohi ditu eztabaida horietan, baina Pradalesek ekaineko inbestidura saioan eman zuen bere asmoen berri.
Behin agerraldi guztiak amaituta, lehen ohiko saioa egingo dute hilaren 26an. Esan bezala, uztailean eta abuztuan Legebiltzarrean ez dute saiorik egin.
2024. urtea bukatu orduko, bestalde, sailburu guztiek berriro hartuko dute berba Legebiltzarrean, Pradalesen aurrekontu proiektuak sail bakoitzari zenbateko diru kopurua zuzenduko dion argitzeko.