Politika -

Koldo kasua

Oscar Puentek kargutik kendu du Angel Contreras Adifeko presidentea

Ministroak azken hilabeteetan hainbat kargugabetze egin ditu Koldo auziarekin lotuta, baina Ministerioak azpimarratu du Contrerasen kargugabetzeak ez duela zerikusirik horrekin.

Ángel Contreras.
Ángel Contreras.
Ángel Contreras.

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak kargutik kendu du Angel Contreras Adifeko presidentea, "enpresaren kudeaketa bultzatzeko", Gobernuko iturriek baieztatu dutenez.

Ministroak azken hilabeteetan hainbat kargugabetze egin ditu Koldo auziarekin lotuta, baina Ministerioak azpimarratu du presidentearen kargugabetzeak ez duela zerikusirik horrekin.

Hala ere, Contrerasek urtebete baino gutxiago zeraman karguan; Puente Ministeriora iristearekin batera izendatu zuten, aurreko presidentea (Maria Luisa Dominguez) ordezkatzeko. 

Jada Adifeko presidente ohi denak Senatuan agerraldia egin behar izan zuen Koldo auziari buruzko ikerketa batzordean, eta "kontraturik inoiz ez" zuela egin ziurtatu zuen.

Contrerasek defendatu zuen Koldorekin zuen harremana (Guardia Zibilaren txostenean agertzen zen) "maila sozialera" mugatzen zela, Jose Luis Abalos aholkulari ohia Ministeriotik 2022ko amaieran atera ondotik.

Batzuetan kafea hartzeko geratu zirela eta La Chalanan bi aldiz bazkaldu zutela adierazi zuen, eta beste behin Jose Luis Abalos ministro ohiarekin egin zuela, diputatu zenean.

Bestalde, Oscar Puentek behin baino gehiagotan esan du Ministerioko kideak kargugabetu egingo zituela auzian nahasita agertuz gero. Oraingoz, Contreras ez ezik, Alvaro Sanchez Manzanares Estatuko Portuetako idazkari nagusia, Jesus Manuel Gomez Estatuko idazkariordea eta Michaux Miranda Adifeko langileen burua ere kargugabetu dituzte, Koldo auzian ikertuak izan direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak