Politika -

AHT

Gipuzkoako Batzar Nagusiek AHTaren lotunea Ezkio-Itsasotik egitea defendatu dute

EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoak izan ditu ebazpenak. Gipuzkoatik kanpo, jeltzaleak txosten teknikoaren zain daude, eta sozialistek eta popularrek EAEko eta Nafarroako abiadura handiko trenak Gasteiztik lotzea defendatzen dute.

AHTaren obrak Gipuzkoan. Argazkia: EFE
AHTaren obrak Gipuzkoan.
AHTaren obrak Gipuzkoan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ebazpen bat onartu dute, AHTaren lotunea EAEren eta Nafarroaren artean Ezkio-Itsasotik egitea defendatzeko, Gasteiztik igaroko litzatekeen beste aukeraren aurrean. EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin onartu da.

Hasierako proposamena Elkarrekin Podemosena izan da, Gasteizko lotunearen alde, lehendik zegoen trenbidea erabiliz eta hobetuz.

EAJk, PSE-EEk eta PPk transakzio-zuzenketa alternatibo bat onartu dute Gipuzkoako lotura defendatzeko. Alderi horiek, Gipuzkoatik kanpo, beste aukera batzuk defendatzen dituzte. Jeltzaleak bi aukeren inguruko txosten teknikoaren zain daude, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Gasteizko konexioaren alde egin du eta Arabako PPk trenbideak Gasteiztik lotzearen alde egin du.

EH Bildu, ordea, abstenitu egin da Elkarrekin Podemosen proposamenean, eta azkenean onartutako zuzenketaren aurka bozkatu du.

Proposamenaren defentsan, Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak argudiatu du AHTa "oso distantzia luzeetarako" pentsatuta dagoela, eta EAJ, PSE-EE eta PPri "infantilismo penagarria" eta "probintzialismoa" egotzi die, Ezkio-Itsasoko alternatiba defendatzeagatik Donostia eta Iruñea arteko bidean 25 minutu aurrezteko, besterik ez. "Gure ondare naturala 25 minuturen truke suntsitzeko prest daude", salatu du.

Bestalde, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko bozeramaileak adierazi du Ezkio-Itsasoko aukerak "inpaktu negatibo txikiagoa" duela "ingurumenean eta gizartean", eta Bergarako eta Gasteizko lotunearen artean epe ertainean izan daitezkeen saturazio arazoez ohartarazi du.

Alberto Albistegui PSE-EEko bozeramaileak gogorarazi du Ezkio-Itsasoko lotura hasieratik pentsatu zela, eta haren defentsa Foru Gobernuaren akordioan agertzen dela. Aldi berean, AHTan inbertitzeak aldiriko sareak hobetzea eragotzi duenik ukatu du, eta gaur egun egiten ari diren hobekuntza-lanen zerrenda bat aipatu du.

PPko Mikel Lezamak argudiatu duenez, Ezkio-Itsasoko ibilbideak 78 kilometro gutxiago ditu eta ibilbidea 26 minutu laburtuko du. Gasteiztik, berriz, "epe laburrean" merkeagoa izango da, eraikuntzari dagokionez bakarrik, baina "epe ertainean Ezkio-Itasokoa errentagarriagoa izango da, ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez".

Azkenik, Jon Altolagirre EH Bilduko batzarkideak Eider Mendoza ahaldun nagusiari aurpegiratu dio Gipuzkoako konexioa lehiakorragoa dela esatea zein txosten teknikotan oinarritzen den azaldu gabe, eta Irun-Brinkola linearen arazoak ez aipatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena