Politika -

autogobernua

Lehendakariak deia egin du Estatuarekin "aldebiko itun politiko" berria adosteko, Kontzertua oinarri hartuta

Imanol Pradalesen ustez, akordio horrek "nazio errealitatea" aitortu eta Ekonomia Itunaren eredua izan behar du oinarri "autogobernuan, elkarbizitzan eta ongizatean hazteko".

Pradales, agerraldiaren une batean. Argazkia: EFE
Pradales, agerraldiaren une batean.
Pradales, agerraldiaren une batean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales lehendakariak nabarmendu duenez, "ausartak" izateko unea iritsi da eta, "aurrez aurre dugun aukera aparta baliatuta", Espainiako Estatuarekin "aldebiko itun politiko" berria adostekoa. Horren aburuz, akordioak "nazio errealitatea" aitortu eta Ekonomia Itunaren eredua izan behar du oinarri "autogobernuan, elkarbizitzan eta ongizatean hazteko".

Forum Europa Tribuna Euskadi gosari informatiboan hitzaldia eman du lehendakariak. EAEk Estatuarekin duen aldebiko harremanaren ideia izan du ahotan, eta hartu-emana "elkarrekiko aitortzan" oinarritzen dela azpimarratu. "Ezein aldek ezin dio besteari haren borondatea inposatu. Hitz egin, negoziatu eta adostu beharra dago, bien onerako", nabarmendu du. 

Hain justu, kezka agertu du Kataluniako finantzaketa ereduaren eztabaidan entzundakoekin. "Mezu bidegabeak, oinarri bakoak, eta asmo txarrekoak entzuten ditugu euskal autogobernuaren muina eta berezitasuna denaren aurka, hots, Ekonomia Itunaren aurka". 

Pradalesen iritzian, adostu beharreko "itun handi" horrek hiru helburu ditu: Autogobernua bermatu eta eguneratzea, Gernikako Estatutua bere osotasunean betetzea, eta etorkizuneko estatutu itun berri bat lortzea, "euskal gizartearen eskubide eta beharrizanei erantzuten lagunduko diguten eskuduntzak jasotzeko". 

Horren harira gogorarazi duenez, hauek dira jarraitu beharreko pausoak: Euskadin zein Estatuan ituna negoziatu eta ahalik eta adostasun handienarekin onartzea, eta euskal herritarrek erreferendumean berrestea. 

"Itun berri honek Estatuarekin duen aldebiko harremana finkatu behar du, gure errealitate nazionala eta gure autogobernuaren berezitasuna aitortu eta adostutakoa beteko dela bermatzeko sistema ezarri".

Hala, defendatu duenez, Ekonomia Itunaren eredua "aukera" da, "Euskadiren eta Estatuaren arteko harreman instituzional eta politikoetan marko juridiko berria aplikatzeko".

Kazetarien galderei erantzunda eta Euskal Y-aren Nafarroako lotunearen ika-mikaz itaunduta, lehendakariak esan du "garrantzitsuena" ez dela lotura nondik egingo den, noiz egingo den baizik. Hori horrela, presarazi ditu txosten teknikoa egin behar duten horiei, AHTa "behingoz" EAEra irits dadin. "Tren hau galtzen badugu, herri honen etorkizunaren garapen sozio-ekonomikoaren trena galtzen ariko gara", ohartarazi du. 

AHTa ''behingoz'' Euskadira iristeko, txosten teknikoak ''premiaz'' egitea eskatu du Pradalesek
AHTa ''behingoz'' Euskadira iristeko, txosten teknikoak ''premiaz'' egitea eskatu du Pradalesek
AHTa ''behingoz'' Euskadira iristeko, txosten teknikoak ''premiaz'' egitea eskatu du Pradalesek

0:58

 

Azkenik, Venezuelako egoera ahotan, lehendakariak Nicolas Maduroren "erregimen autoritarioa" salatu du, eta arduratuta agertu da Euskadin hura "defendatu eta txalotzen dutenekin". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales