Politika -
kargu kentzeak eta izendapenak
Jaurlaritzak Andoitz Korta izendatu du Industria sailburuorde eta Iñigo Ansola EEEko zuzendaria kargugabetu
Joxe Mari Kortaren semeak Mikel Jauregik zuzentzen duen Departamentuan Sailburuordetza izango du. Bestalde, zortzi urtez karguan izan ostean, Ansolak Energiaren Euskal Erakundea gidatzeari agur esango dio. Mikel Amundarain Industria sailburuorde izandakoak hartuko dio lekukoa.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak Andoitz Korta izendatu du Industria sailburuorde. Era berean, orain arte ardura horretan izandakoak, Mikel Amundarainek, Energiaren Euskal Erakundea zuzenduko du, Iñigo Ansolaren ordez. Saiburuorde berria ETAk 2000. urtean hil zuen Joxe Mari Korta enpresaburuaren semea da.
Hala jasota dago Jaurlaritzak gobernu bileran onartutako kargu kentzeen eta izendapenen erabakian.
Andoitz Korta Zearreta 90ko hamarkadan Adegiko presidente izandakoaren seme nagusia da. Joxe Mari Korta Fundazioaren idazkari, hainbat enpresatan parte hartzen du eta Elkargiren kide izandakoa da. Besteak beste, Binkin'goren jabea da (altzairuzko bizikletak egiten dituen enpresa).
Kortak Mikel Amundarainen (2021etik, Industria sailburuorde) ardura hartuko du. Amundarain izendatu dute, hain justu, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari.
Horrenbestez, Iñigo Ansola Kareaga, zortzi urtez Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria izan dena, kargugabetu du Jaurlaritzak.