Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Anduezak "argi" hitz egiteko eskatu dio EAJri estatutu itunaz, "PSE-EEk ez baitu denborarik galduko"
"Porrotera kondenatuta" daudelakoan, EAEko sozialisten buruak erabat baztertu ditu batzuen "obsesio subiranistak", eta jeltzaleek nahi duten hautua argitzeko galdegin die: autogobernuaren lantaldean adostutako testua berrartzea ala "independentziaren bidea urratzea" EH Bildurekin.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak "argi" hitz egiteko eskatu dio gaur EAJri, alderdiak estatutu politiko berriaz dituen asmoen inguruan. Izan ere, ohartarazi duenez, "PSE-EEk ez du denborarik galduko" jeltzaleek erabakitzen badute "EH Bildurekin erabakitzeko eskubidearen alde sinatu zuten akordioari heltzea, eta beraz, independentziaren bidea urratzea".
Radio Euskadiren "Boulevard" irratsaioan izan da gaur Andueza, Andoni Ortuzarrek gai horren inguruan bilera sorta abiatuko duela iragarri eta biharamunean. Argitu duenez, sozialistek batzarrotan parte hartuko dute; "ez diogu inoiz eztabaiari muzin egin", erantsi du.
Dena dela, euren jarrera argitzeko deia egin die jeltzaleei, eta duela bi legealdi PSE-EErekin eta Podemosekin batera Autogobernuaren Lantaldean adostutako akordioa ekarri du gogora. Horren hitzetan, ituna "oinarri ona" da, eta "PPren eta EH Bilduren babesa ere izan lezake".
"Obsesio subiranisten inguruko eztabaidara bueltatzen bagara, porrotera kondenatuta egongo gara berriro, aurrekoetan gertatu zaigun bezala", ohartarazi du, eta Lizarra-Garaziko akordioa eta "Ibarretxe plana" deiturikoa jarri ditu adibidetzat. Hala, argi utzi du sozialistek ez dutela "denborarik galduko" EAJk "independentziaren bidea urratzea" erabakitzen badu.
Eusko Legebiltzarrean alderdi abertzaleek duten gehiengoaz itaunduta, Anduezak esan du EAJk eta EH Bilduk 75 eserlekuetatik 54 edukitzeak ez duela zertan bat egin "euskal gizartearen gehiengo zabal batek gai horren inguruan duen iritziarekin". Horren harira, gogora ekarri duenez, hainbat ikerketa soziologikoren arabera, "independentziaren aldeko sentimendua inoiz baino apalagoa da gaur-gaurkoz".
Buruzagi sozialistaren aburuz, "gehiengo hori gehiengo abertzalea da, baina ez da anitza eta Euskadi oso anitza da". Azkenik, azpimarratu du hauteskundeek EAJ-PSE-EEri eman diotela gehiengoa, eta bi alderdi horiek direla Eusko Jaurlaritza osatzen dutenak, eta, hortaz, "Euskadi gobernatzen dutenak".