Politika -
Edmundo Gonzalezi asiloa
Albaresek berretsi du Gonzalezen irteeran ez dela egon negoziaziorik ezta ordainik Venezuelarekin
Venezuelako presidenteordearen esanetan, "luze eta zabal hitz egin" dute Espainiako Gobernuarekin. Halakorik egon dela ukatu du, ordea, Espainiako Atzerri ministroak, eta elkarrizketa "operatiboak" bakarrik izan dituztela nabarmendu.
Agentziak | EITB Media
Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri, Europar Batasuna eta Lankidetza ministroak azpimarratu duenez, ez da izan Edmundo Gonzalez oposizioburua herrialdetik irteteko negoziazio politikorik Venezuelarekin, eta ez da "ordainik" izango.
"Hartu-eman bakarrak operatiboak izan dira", zehaztu du. Hau da, Gonzalez zeraman ibilgailuaren eta hegazkinaren segurtasuna bermatzeko elkarrizketak izan zituzten bi gobernuek, baina hortik aurrera, besterik ez.
Kontrakoa adierazi du Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordeak. Horren esanetan, "luze eta zabal hitz egin" dute Sanchezen gobernuarekin.
"Ordainetan" zerbait egongo dela ere ukatu du Albaresek Onda Cero irrati katean eta Telecinco telebista katean egindako elkarrizketa banatan. "Ez didate halakorik eskatu, baina eskatzekotan, ez nuke inoiz onartuko", argitu du.
"Espainiaren jarrera bera da Edmundo Gonzalez Caracasen edo Madrilen egonda. Ez dugu Nicolas Maduroren ustezko garaipena onartuko harik eta aktak kaleratu arte. Guretzat marra gorria da, eta hori da, hain justu, asiloa emateko izan dugun ardatzetako bat. Gonzalezen eskubide politikoak eta osotasun fisikoa babestu nahi izan dugu", azpimarratu du.
Albaresek argitu duenez, Gonzalezek berak eskatu zien Venezuelatik ateratzen laguntzeko. Espainiak "enbaxadorearen etxean nahi beste jarraitzeko aukera" eman zion arren —Leopoldo Lopez oposizioburu ohiak ere aukera hori baliatu zuen duela urte batzuk—, azkenean herrialdetik ateratzea nahiago izan zuen Gonzalezek.
Atzerri ministroaren arabera, "arrazoi humanitarioak eta politikoak" izan dituzte kontuan Gonzalezi asiloa emateko. Lehenengoen artean aipatu du Gonzalezek 75 urte dituela, eta haren kontrako atxilotze agindua zegoela. Bigarrenak hizpide hartuta, adierazi du "Venezuelan demokrazia zabaldu eta uztailaren 28ko hauteskundeen emaitza errespetatu" behar dela.
Albaresek nabarmendu du Espainiak Gonzalezen adierazpen eta manifestatzeko askatasuna bermatuko duela. Venezuelako beste oposizioko kideek ere "ateak zabalik" dituztela erantsi du, ondoren.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak auzian izan duen garrantziaz galdetuta, Albaresek ez du haren parte hartzea baieztatu nahi izan. "Zapaterok urteak daramatza Venezuelan atxilotutako politikariak askatzeko bidean paper garrantzitsua jokatzen", adierazi du.