Politika -

Frantziako hauteskundeak

Ezkerreko milaka pertsona manifestatu dira Frantzian, Barnierren izendapenaren kontra

Jendetza bildu da eguerdian Baionan ere. Asanblea Nazionaleko lehen talde bihurtu ostean, Gobernua osatzen uzteko eskatu zion ezkerreko alderdiek osatutako Fronte Popular Berriak Macroni, baina presidenteak Michel Barnier kontserbadorea izendatu du lehen ministro.

Barnierren izendapenaren aurkako manifestazioa Parisen. EFE
Barnierren izendapenaren aurkako manifestazioa Parisen. EFE
Hauteskundeen emaitzak errespetatzeko galdegin diote Macroni ehunka lagunek Baionan

0:44

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezkerreko alderdiek, sindikatuek eta hainbat erakundek deituta, milaka manifestari bildu dira larunbat honetan Frantziako kaleetan, Michel Barnier kontserbadorea lehen ministro izendatzearen aurka protestatzeko.

Parisen, Bastillako plazan hasitako protestan, Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoa (LFI) alderdiko buruzagia izan da, eta bertan azpimarratu du "luze iraungo duen borroka" izango dela.

Melenchonen hitzetan, Parlamentuko saioak hasi bezain pronto, Barnierren aurkako zentsura-mozioa aurkeztuko dute, eta ezkerreko alderdi guztiek babestuko dute. Dena dela, Parlamentuko jarduera ez da urrira arte hasiko.  

Baionan ere, Barnierren izendapenaren kontra manifestatu dira eguerdian, eta Frantziako azken hauteskunde legislatiboetan izandako emaitzak errespetatzeko eskatu diote manifestariek Frantziako presidenteari.

Gobernua osatzeko eskatu zion Fronte Popularrak Macroni

Ekainaren 30erako eta uztailaren 7rako Macronek aurreratutako hauteskunde legislatiboetara aurkeztu zen Fronte Popular Berria (NFP), ezkerreko alderdiek osatuta, eta 577 diputatuetatik 193 eskuratu zituen. Asanblea Nazionaleko lehen taldea izanda, Gobernua osatzen uzteko eskatu zion presidenteari.

Horren aurrean, eskuin tradizionalekoa den Michel Barnier Errepublikarrak (LR) alderdiko burua izendatu zuen Macronek. Alderdi horrek botoen % 6 lortu zituen, eta 47 eserleku, baina Macronen alderdikideen babesa du (166 diputatu).

Macronen esanetan, zentsura-mozio baten bidez azkar botatzeko arriskurik ez duen bakarra Barnier da, Marine Le Penen eskuin muturrak (bozkatuena, botoen % 37 eta 142 eserleku jaso baitzituen) iragarri duelako ez duela horren aurkako zentsura-moziorik bozkatuko, momentuz. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia Baiona Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron