Politika -

Osasun Ituna

Osasun Sailak egiturazko erreformak egitea defendatu du, Osakidetzak "etengabe okerrera" ez egiteko

Alberto Martinez buru duen Sailak "aldaketa sistemikoak" eskatu ditu, osasun-itunaren lehen bileraren partaideei igorritako txosten batean.

Gaurko bileraren une bat. EFE
Gaurko bileraren une bat. EFE
Gaurko bileraren une bat. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak aldarrikatu du "egiturazko erreformak" egin behar direla Osakidetzan, osasun zerbitzuek "etengabe okerrera egitea saihesteko", Alberto Martinez sailburuak osasun-itunaren lehen bileraren partaideei igorritako txosten batean jaso duenez.

Testua 264 orrikoa da eta irekia, gainerako agenteek ekarpenak egin ditzaten.

Horretan, Sailak osasun sistemaren diagnosia egin du, eta etorkizuneko erronkak identifikatu ditu. Besteak beste, honakoak aipatu ditu: gizartearen zahartzea, jaiotze-tasak behera egin izana, gaixotasun berriak agertu izana, gaixotasun kronikoen hazkundea, klima aldaketa eta gizartearen "eskariek" ere gora egin izana.

"Aldaketa sistemikorik ezean, gainkarga kronikoa eta erantzun-ahalmen mugatua dituen sistema batek krisiak izango ditu behin eta berriro, eta ondorioz zerbitzuek okerrera egingo dute etengabe, COVID-19aren pandemian gertatu berri denez", nabarmendu du Osasun Sailak.

Horren ildotik, egun osasun sistemak finantzazio gehiago behar duela ohartarazi du, batik bat hiru faktore direla eta: teknologia eta terapia berriak abiatu izana, gaixotasun kronikoen igoera eta "gizartearen eskarien hazkundea".

Horrenbestez, "finantzazio-ereduak" gizartearen beharrizanekin bat etorri behar direla erantsi dute, eta Osakidetzaren "epe luzerako bideragarritasuna" bermatzeko neurriak eskatu dituzte.

Osasun Sailak funtsezkotzat jo du Osakidetzaren jarduera prebentziora bideratzea, besteak beste, eta profesionalen lan-baldintzak ere kontuan izatea defendatu du, arreta eredu berriekin paper aktiboa izan dezaten.

Osasun-itunerako mahaiaren bilera

Pradales lehendakaria eta Martinez sailburua osasunaren sektoreko hainbat agenterekin bildu dira gaur Bilbon, 6 hilabeteko epean itun zabal bat lortzeko.

Aurreikuspena da 2025eko martxorako guztiz martxan egotea ituna, osasun sistema hobetzea helburu.

Hain zuzen ere, eragile hauek hartu dute parte gaurko bileran: profesionalen elkargoen artean, Medikuak, Erizainak, Farmazia, Psikologia, Odontologia, Gizarte Langintza, Biologia eta Albaitariak; sindikatuen partetik, LAB, CCOO, UGT, Sindikatu Medikua eta SATSE; unibertsitateetatik, EHU, Deustu eta Mondragon; eta enpresaburuen aldetik, Confebask patronala.

Aitzitik, ELAk ez du parte hartu nahi izan, iritzita Jaurlaritzak ez duela aldaketa sakonik egiteko asmorik.

Bileraren partaideak

Gaurko zitan, lehendakariak eta Osasun sailburuak lan-metodologia eta aipatutako diagnosi-txostena aurkeztu dituzte.

Bilera bukatu eta gero, partaide gehienek balorazio positiboa egin dute, baina gabeziak ere atzeman dituzte.

Aldez aurretik, Pradalesek adierazi zuen osasun-itunaren helburua ez dela bakarrik neurri zehatzak adostea, baizik eta begirada "10-15 urtera" jartzea ere.

Imanol Pradalesek dio osasun-itunak ''epe luzera'' eman beharreko urratsak pentsatu behar dituela
Imanol Pradalesek dio osasun-itunak ''epe luzera'' eman beharreko urratsak pentsatu behar dituela
Imanol Pradalesek dio osasun-itunak ''epe luzera'' eman beharreko urratsak pentsatu behar dituela

1:49
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV PP Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza ELA LAB EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Deustuko Unibertsitatea Mondragon Unibertsitatea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Erizaintza CCOO UGT Sumar Mugimendua