Politika -

RADIO EUSKADI

Aranburu: "Mahaian egoteak ez du esan nahi LAB osasunaren herri itunean egongo denik"

LABeko idazkari nagusiak argi esan du langileen borrokaren presioari esker iritsi dela Osakidetzaren egoera hobetzeko mahaia. "Aurrerapausoa" dela esan arren, helburua lortu nahi bada, "errotiko aldaketak lan-harremanetan eta politiketan" ezinbestekoak direla erantsi du.

Garbiñe Aranburu, gaur, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Garbiñe Aranburu, gaur, Radio Euskadin.
Garbiñe Aranburu, gaur, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Urtetako mobilizazio eta presio sindikalari esker gaur gai honi buruz hitz egiteko marko bat sortu da. Sindikatu soziopolitiko bat izanik, negoziazio kolektiboan egoteaz gain, Osakidetzaren egoera aldatzeko proposamenak ditugu. Ikusten duguna da egungo politikek aldaketa sakonak eskatzen dituztela. Errotiko norabide aldaketa (...) orain arte, aldebakartasunez jokatu da". Hitzokin abiatu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Radio Euskadin goizean egin dioten elkarrizketa, Bilbon gaur biltzekoa den osasun-itunaren mahaia hizpide hartuta.

Azaldu duenez, LABek "hasieratik garbi" izan du mahai horretan egon behar duela, uste baitu bere funtzioa "mahaira proposamen zehatzak" eramatea dela. Hala, zehaztu du bost ardatzetan xehetutako neurri-sorta jarriko dutela mahai gainean: "pribatizazio eta kontzertazio politikak amaitzea, langileen lan-baldintzak hobetzea, lehen arretako egoera bideratzea, buru-osasunaren gaiari heltzea eta Osakidetza euskalduntzeko plana abian jartzea".

"Adi" jarraituko du sindikatu abertzaleak osasun mahaiaren bilakaera, eta baita Osakidetzaren mahai sektorialarena ere. Batean eta bestean egiten diren "mugimenduen" eta ikusten duten "borondatearen" araberakoak izango dira, Aranbururen hitzetan, euren erabakiak. "Mahaian egoteak ez du esan nahi LAB osasunaren herri itunean egongo denik", ohartarazi du. "Aurrerapausoa" dela esan arren, helburua lortu nahi bada "errotiko aldaketak" behar direla erantsi du.

Jarrera bera erakutsi du asteon Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarekin izan duen bileraren inguruan. Iritzi dio Eusko Jaurlaritzak "askoz gehiago" egin dezakeela langileen egoera hobetzeko, eta hori dela eta, "jarrera proaktiboa" eskatu dio Torresi. "Ez gara konformatzen egoerari buruzko azterketa partekatzearekin", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza LAB Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak