Politika -
Espainiako Gobernua
Oscar Lopez izango da Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko ministro berria, Escrivaren ordez
Orain arte, Pedro Sanchezen Kabineteko burua izan da. Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak, Diputatuen Kongresuan, ofizialki baieztatu du Escriva izango dela Espainiako Bankuko burua.
Agentziak | EITB Media
Oscar Lopez, Pedro Sanchezen Kabineteko burua, izango da Jose Luis Escrivaren ordezkoa Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko Ministerioan, hura Espainiako Bankuko gobernadore izendatu baitute.
Lopez sozialista beteranoa da, eta Espainiako Gobernuko presidentearen konfiantzazko gizona. Bere postuan Diego Rubio jarriko dute. Rubio, orain arte, Herri Gaietarako, Europako Gaietarako eta Lehendakaritzaren Prospektiba Estrategikorako idazkari nagusia izan da.
Lopez PSOEren Antolakuntza Idazkaritzan ere izan zen, eta beste kargu batzuk izan ditu sozialisten organigraman, maila federalean zein Gaztela eta Leonen.
Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak, Diputatuen Kongresuan, ofizialki baieztatu du Escriva izango dela Espainiako Bankuko burua.
Cuerporen arabera, Escrivak gobernadore izateko "prestakuntza eta esperientzia egokia" du, "beharrezko kualifikazio teknikoa, aitortua eta egiaztatua" duelako, baita esperientzia handia finantza-erakunde garrantzitsuenetan eta erakunde publiko eta pribatu askotan ere.