Politika -
OSASUN-ITUNA
Jaurlaritzak "espero eta nahi" du ELA osasunaren inguruko herri-itunaren lehen bileran izatea ostegunean
Sindikatu abertzaleak bihar jakinaraziko du, ohar bidez, bileran parte hartuko duen edo ez.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak "espero eta nahi" du ELA sindikatua osasunaren inguruko herri-ituna erdiesten hasteko ostegunean egingo den lehen bileran izatea. Hala esan du Maria Ubarretxena Gasteizko Exekutiboko eledunak, Gobernu Bileraren osteko agerraldian.
Oraingoz, sindikatu abertzaleak ez du jakinarazi hitzordura joango den ala ez. Bihar baieztatuko omen du, goizean zabalduko duen ohar baten bidez. Ubarretxenaren hitzetan, gaiak duen "garrantzia" kontuan izanda, "eragile guztien ekarpenak beharrezkoak" dira eta, horrenbestez, dei egin dio ELAri, bilerara joan dadin. "Herri honek guztion ekarpena behar du", esan du.
Alberto Martinez Osasun sailburuak gidatuko du batzarra, eta Imanol Pradales lehendakaria ere bertan izango da. Behin lantaldea martxan jarrita, Javier Meana EHUko Farmakologiako katedradunak koordinatuko du prozesua.
2025eko martxorako herri-ituna prest izatea nahi du Jaurlaritzak. Aurreikuspenen arabera, hiru fase izango ditu etzi sailburuak proposatuko duen lan-metodologiak. Aurrenekoan, osasun sistemaren inguruko diagnostiko partekatua adostea da asmoa; bigarrengoan, berriz, Osakidetzaren printzipioak ezarriko dira; eta hirugarrengoan, etorkizuneko ildo nagusiak.
Osteguneko bilera EHUren Bizkaia Aretoan egingo da, Bilbon. Jaurlaritzako, alderdi politikoetako, sindikatuetako, unibertsitateetako eta osasungintzarekin lotutako elkarteetako ordezkariak elkartuko dira.