Politika -
Bilera-sorta
Behin-behinekotasuna murriztea, migratzaileak integratzea eta soldatak hobetzea eskatu dio UGTk lehendakariari
Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, bilera-sorta honek egungo Eusko Jaurlaritzaren "jarrera ezberdina" erakusten du.
EITB MEDIA
Imanol Pradales lehendakariarekin Ajuria Enean izan duen bileran, administrazio publikoan behin-behinekotasuna etetea -bereziki Osakidetzan eta Hezkuntzan-, soldata publikoak eta pribatuak hobetzea, eta migratzaileak integratzeko politikak indartzea eskatu du UGT sindikatuak.
Udako oporren osteko agendari ekin dio Pradalesek asteazken honetan, sindikatuekin, alderdi politikoekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin izan duen bilera-sortako azken topaketa eginda. Haien beharrak entzutea eta Osakidetzari buruzko Itun baten aukerak aztertzea, bai eta legegintzaldi honetan garrantzitsuak diren beste gai batzuei -hala nola autogobernuari- heltzea izan da batzarren helburua.
Bileraren amaieran, Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusiak adierazi du beharrezkoa dela hitzarmenetan bermatuko den gutxieneko soldata bat adostea EAEn, ordainsarien gutxieneko maila hiru lurraldeetan homogeneoa izan dadin.
Halaber, euskal administrazio publikoan behin-behinekotasuna nabarmen murriztearen aldeko apustua egin du. Funtzio publikoko baldintza ekonomiko gehienak Madrilen finkatzen direla onartu du, baina baldintza ekonomikoak, lanaldikoak eta kontziliaziokoak hobetzeko beharra planteatu dio Pradalesi. Plazak egonkortzeko prozesuetako hizkuntza-eskakizunetan malgutasun handiagoa izateko ere eskatu du.
Osakidetzari dagokionez, pribatizazioak saihesteko eta "barneratzeko" gogoeta egin dezan eskatu dio. Alegia, zerbitzu batzuek publikoak izan beharko luketela adierazi dio, garbitasuna edota gaixoen garraioa, esaterako. Horrez gainera, lehen mailako arreta indartzea eta medikuentzat erakargarri egitea eskatu du, "eta, horretarako, ordainsari handiagoak ere behar dira".
Gazteentzako soldata duinak, lan-segurtasunaren hobekuntza eta 45 urtetik gorako langabeak lan-merkatuan integratzea ere izan dira landu diren beste gaietako batzuk.
Azkenik, migrazioari dagokionez, Arzak ohartarazi du Euskadin immigranteen behar handia izango dela hurrengo urteetan, espero den erretiro-oldearen aurrean, eta integrazio-politikak bultzatzea eskatu du.
Imanol Pradalesek egindako bilera-sortak, Arzaren ustez, aurreko legegintzaldian izan zenaren "bestelako jarrera" erakusten du.