Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EH Bildu osasun itunean egongo dela aurreikusi du Otegik, "nahiz eta % 100ean inoren gustukoa ez izan"
Oraindik datarik ez badu ere, EH Bilduren kongresua martxo-apiril aldera egingo dela uste du koordinatzaile nagusiak. Halaber, presoei lotuta, legea aplikatzeko eskatu dio Justizia sailburu berriari.
EITB Media
Imanol Pradales lehendakariak irailaren 5erako deitu du osasun ituna adosten hasteko lehen bilera, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak uste du borondatea baldin badago akordioa egongo dela. Koalizio subiranista akordio horretan egongo dela aurreikusi du Otegik, guztiz aseko ez baditu ere: "Segur aski ez da % 100ean inoren gustukoa izango".
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Otegik azaldu duenez, "herri akordioak" behar dira gai estrategikoetan, Osakidetzan kasu, eta, are gehiago, "abertzaleen arteko itunak behar dira", erantsi du.
EH Bilduk datorren urtean egingo duen kongresuari begira, martxo-apiril aldera Iruñean egingo dela iragarri du, nahiz eta oraindik data itxi gabe duten.
Bestalde, Arnaldo Otegik Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu berriari erantzun dio ez dagoela karguan bere "desioak" betetzeko, legea betetzeko baizik. Sailburuak berriki defendatu du presoei damua exijitzea espetxe onurak lortu ahal izateko. Aitzitik, Otegik azpimarratu du baldintza hori ez dagoela legean jasota.