Politika -
Katalunia
Salvador Illak Generalitateko presidente kargua hartu du
Protokoloari jarraituz, izendapenaren errege-dekretua irakurri du Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak, eta, jarraian, Pere Aragones jarduneko presidenteak karguaren domina eman dio Illari. Ekitaldia bukatzeko, Kataluniako Generalitateko 133. presidenteak hitzaldia eman du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak karguaren zina egin du gaur, larunbata, 12:00etan, Generalitateko Sant Jordi aretoan izan den ekitaldian, PSC, ERC eta Comuns alderdien babesarekin presidente hautatu eta bi egunera. Kargua "bere kontzientziagatik eta ohoreagatik" hitzeman du Illak.
"Hitz ematen dut nire kontzientziagatik eta ohoreagatik Kataluniako Generalitateko presidente karguaren betebeharrak leialtasunez beteko ditudala, erregearekiko, Konstituzioarekiko, Autonomia Estatutuarekiko eta Kataluniako erakunde nazionalekiko fideltasunez", esan du.
Protokoloari jarraituz, izendapenaren errege-dekretua irakurri du Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak, eta, jarraian, Pere Aragones jarduneko presidenteak karguaren domina eman dio Illari. Ekitaldia bukatzeko, Kataluniako Generalitateko 133. presidenteak hitzaldia eman du.
Hitzaldian, "guztiontzat gobernatzeko" borondatea duela adierazi du Illak, eta bere presidentetzaren ardatz nagusia katalanak "batzea eta zerbitzatzea" izango dela, "kataluniarrei ahalik eta askatasun, oparotasun eta berdintasun handiena emateko".
Ostegunean izendatu zuten presidente Illa, PSC, ERC eta Comuns alderdien aldeko 68 botoekin, eta ostiral goizean Aragonesekin bildu zen Illa, botore-eskualdatzea gauzatzeko.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Maria Jesus Montero lehen presidenteorde eta Ogasun ministroa, Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Justizia, Presidentetza eta Gorteekiko Harremanetarako ministroa, Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroa, Ernest Urtasun Kultura ministroa eta Diana Morant Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroa, baita Maria Chivite Nafarroako presidentea ere.
Horrela, PSCren zerrendetako hirugarren presidente bilakatu da Illa, Pasqual Maragall (2003-2006) eta José Montilla (2006-2010) sozialistak izan baitziren karguan aurretik. Gainera, hamalau urtez jarraian gobernatu duten presidente subiranisten zikloari amaiera eman dio.
Ikusmina independentisten artean
PSCren aldeko independentistak eta hainbat kurioso Bartzelonako Sant Jaume plazan bildu dira, Generalitateko Jauregiaren aurrean, Kataluniako presidenteak kargua hartu duen bitartean.
Bertaratutako zenbait pertsonak "Illa governador civil! ERC=PSOE. Independència" zioten kartelak eta PSCren banderak zeramatzaten.
Gobernu berriko kargu-hartzea
Presidentzia kargua eskuratu ondoren, Kataluniako Gobernua osatzeko lanean hasi da Illa. Iganderako izenak prest izatea aurreikusten du, astelehenean har dezaten kargua.
Generalitateko Gobernuko kide izango diren lehen izenak jakitera eman dituzte jada: batetik, Nuria Parlon Bartzelonako Santa Coloma de Grameneteko alkate eta PSCko bozeramailea Barne kontseilaria izango da, eta, bestetik, Albert Dalmau Bartzelonako Udaleko gerentea Presidentetzako kontseilaria izango da.