Politika -
Puigdemonten ihesa
Puigdemontek asteartean Turullekin afaldu zuen Bartzelonan, eta dagoeneko "etxean" dago
Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak iragarri du presidente ohia osteguneko agerraldia baino lehen heldu zela Kataluniara. Bestalde, Gonzalo Boye abokatuak ihesa baieztatu du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren itzuleraren eta ihesaren inguruko datu gehiago zabaldu dira gaur. Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, asteartean berarekin afaldu zuen Bartzelonan, hots, Kataluniako hiriburuan jendaurrean azaldu baino bi egun lehenago. Horrez gain, Turullek berak eta Gonzalo Boye abokatuak baieztatu dute presidente ohia Espainiako Estatutik kanpo dagoela, "etxean". "Leku seguru batean dago, Bartzelonatik, Kataluniatik eta Estatutik kanpo", erantsi du abokatuak.
Rac1 irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Turullek azaldu du Puigdemont ezkutuan iritsi zela Kataluniara, osteguneko agerraldia egin baino bi egun lehenago: "Bartzelonan egin zuen lo asteartean" (ez du zehaztu non).
Bestalde, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan (aurrez Rac1 irrati katean izan da), Boyek ez du argitu nahi izan non dagoen Juntseko buruzagia: "Ez dakit non dagoen, bart hitz egin dut berarekin; etxean dagoelakoan nago, lanean". Horren esanetan, Puigdemonti dagokio azalpenak egitea, eta "gaur-biharretan mezu publikoa zabalduko du", iragarri du.
Abokatuak nabarmendu duenez, Kataluniako presidente ohiaren asmoa zen "Bartzelonara joatea eta etxera bueltatzea, hori da normalena". Izan ere, "inori ez zaio atxilotua izatea gustatzen amnistiatuta egon beharko luketen gertakari batzuengatik".
Justizia oztopatzea egotzita Turull deklaratzera deitu dutela eta, gogor hitz egin du erabakia hartu duen epailearen kontra: "Jakin nahiko nuke nor den gertakariok delitu direla dioen analfabetoa". Puigdemonten ondoan egon zelako balizko ikerketa baten beldur ote den itaunduta, ironiaz erantzun du: "Gimnasiotik atera berritan harrapatu nauzu".
Azkenik, Llarena epaileak argibideak eskatu dituela eta, Boyek Puigdemont atxilotzeko euroagindua emateko deia egin dio Auzitegi Goreneko magistratuari. Dena dela, aurreratu du ez dela halakorik gertatuko; izan ere, "jakin badaki amnistiari buruz hartu duen erabakia Pirinioetatik haratago ez litzatekeela onartuko".
Bartzelonan hitzaldi laburra egin zuenetik ez dago presidente ohiaren berririk. Mossoek hura bilatzeko eta atxikitzeko operazioa jarri zuten martxan atzo, alferrik. Ingurumari horretan, bi agente atxilotu zituzten ihesean lagundu ziotelakoan, eta Jordi Turull deklaratzera deitu du Bartzelonako guardiako epaile batek. Gainera, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak txosten bana eskatu die Esquadra Mossoei eta Barne Ministerioari, Generalitateko presidente ohia atxilotzeko planifikatutako polizia-operatiboari buruz eta haren porrota eragin zuten elementuei buruz.
Mossoen buruzagitzak eta Joan Ignasi Elena Kataluniako Gobernuko jarduneko Barne kontseilariak agerraldia egingo dute goizean operazio horri buruz argibideak emateko.