Politika -

Inbestidura Katalunian

Salvador Illa sozialista president izendatu dute, Puigdemonten itzulera laburrak markatutako saioan

Espero zen bezala, sozialistak PSC, ERC eta Comunseko parlamentarien babesa jaso du, aldeko 68 boto eta JxCat, PP, Vox, CUP eta Aliança Catalanaren kontrako 66. Puigdemont izan da botoa eman ez duen parlamentari bakarra (ez presentzialki, ezta delegazioz ere).

Kataluniako Parlamentua, Salvador Illa sozialista president aukeratu ondoren. Argazkia: EFE
Kataluniako Parlamentua, Salvador Illa sozialista president aukeratu ondoren. Argazkia: EFE
Salvador Illa, Kataluniako presidente berria

0:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuan Salvador Illa sozialista Generalitateko presidente izendatu dute gaur, baina bilkurak beste protagonista bat izan du, ordea: Carles Puigdemont presidente ohia, Bartzelonara itzuli eta, ondoren, desagertu egin baita. Espero zen bezala, Illak PSC, ERC eta Comunseko parlamentarien babesa jaso du, aldeko 68 boto eta JxCat, PP, Vox, CUP eta Aliança Catalanaren kontrako 66.

19:30ean, behin baino gehiagotan eten den bederatzi ordu baino gehiagoko eztabaida baten ostean, Illak presidente izendatzea lortu du, Pere Aragones ordezkatuz, Kataluniako Parlamentuaren historiako jardunaldirik gorabeheratsuenetariko batean.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Salvador Illa Generalitateko presidente sozialista zoriondu du berehala X sare sozialean. "Kataluniak irabazten du eta Espainiak aurrera egiten du", ziurtatu du Sanchezek.

"Elkarrekin lan egin dugu egoera okerrenetan. Badakit Kataluniarekiko duzun maitasuna. Ezagutzen dut zure patxada, sen ona eta lanerako gaitasuna. Kataluniak behar duena. President handia izango zara. Kataluniak irabazten du, Espainia aurrera doa. Zorionak, Salvador Illa!", idatzi du Sanchezek PSCko buruzagiari zuzendutako mezuan.

Puigdemont izan da botoa eman ez duen parlamentari bakarra (ez presentzialki, ezta delegazioz ere), eta une honetan oraindik ez dakite non dagoen. Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak botoa emateko deia egin eta haren izena esan duenean, Juntseko ordezkariek txalo egin dute, aitortza keinu gisa.

Txaloak osoko bilkuran, mahaiak Carles Puigdemonti botoa emateko deitu dionean
Txaloak osoko bilkuran, mahaiak Carles Puigdemonti botoa emateko deitu dionean
Txaloak osoko bilkuran, mahaiak Carles Puigdemonti botoa emateko deitu dionean

0:21

Illa, PSCko Generalitateko hirugarren presidentea, Pasqual Maragall (2003-2006) eta Jose Montillaren (2006-2010) atzetik, eserlekutik altxatu da Josep Maria Jove eta Marta Vilalta ERCko ordezkariak agurtzeko, eta ondoren Pere Aragones Kataluniako presidentea, Jessica Albiach Comunseko burua, Albert Batet (Junts) eta Alejandro Fernandez (PP) agurtu ditu.

Rullek iragarri du Felipe VI .a erregeari emango diola izendapenaren berri, eta, ondoren, Illak hitzaldi labur bat eman du, osoko bilkura amaitu aurretik, 'Els Segadors' ereserkiarekin.

Goizeko saioaren ostean, eguerdiko etenaldian, Junts per Catalunyak Parlamentuko Mahaiari eskatu dio eguerdiko etenaldiaren ostean ez diezaiola saioari berriro ekin, Puigdemont diputatu hautetsia tartean dagoen egoera "normalizatu" arte. Mahaiak, ordea, ez du Juntsen eskakizuna onartu, eta arratsaldeko saioa hasi da.

Monica Sales talde independentistaren bozeramailearen hitzetan, "oso larria, ulertezina eta neurrigabea" da Puigdemont atxilotzen saiatzeko polizia-operazioa aktibatzea, "terrorista balitz bezala", eta baliabide publikoak bidegabe erabiltzea da.

Bi mosso atxilotu dituzte ustez Puigdemonti ihes egiten laguntzeagatik.Gainera, Bartzelonako guardiako epaile batek deklaratzera deitu du Jordi Turull JxCateko idazkari nagusia, Generalitateko presidente ohiari ihes egiten lagunduz Justizia oztopatzea egotzita.

Puigdemont non dagoen jakin gabe hasi da Salvador Illaren inbestidura saioa
Puigdemont non dagoen jakin gabe hasi da Salvador Illaren inbestidura saioa
Puigdemont non dagoen jakin gabe hasi da Salvador Illaren inbestidura saioa

0:37

Hautagai sozialistaren hitzaldia

Bilkura 10:00ak pasatxo hasi da, eta 40 bat minutuz aritu da Illa. Buruzagi sozialistak presidente izateko babesak ziurtatuta ditu, ERCk eta Comunsek bere alde egingo baitute. 

PSCren Kataluniako presidentegaiak Amnistia Legea hizpide hartuta abiatu du bere hitzaldia. Nabarmendu duenez, araudia "arin eta aitzakiarik gabe" aplikatu behar da. 

"Kataluniak aurrera begiratu behar du, ezin du denbora galdu, eta mundu guztia eduki behar du kontuan", nabarmendu du, Puigdemonten eserlekua hutsik zegoela. 

Agindu duenez, "Kataluniako herritarren eta alderdien eskubide politiko guztiak berrezartzeko eginahalak" egingo ditu, eta Amnistia Legearen aldeko hitzak izan ditu. Horren arabera, "botere banaketari eta justiziari zor diodan errespetutik, botere legegilearen erabakia errespetatzeko galdegiten dut, argi eta garbi esan baitu normalizazio politikoa ezinbestekoa dela". 

Illak azaldu du bere helburua dela Generalitateak "Kataluniako hirugarren transformazio handia burutzea", eta hiru erronka aipatu ditu bide horretan: finantzazioa eta zerbitzu publikoak hobetzea eta industrializazio berdea bultzatzea. Gainera, azpimarratu du Kataluniak "akordioen garaia abiarazi" behar duela, Parlamentu barruan eta kanpoan, "txarto konpondutako gatazka politikoari amaiera emateko". 

Hitzaldia bukatuta, ordubetez bertan behera geratu da bilkura (talde parlamentarioek agerraldiak prestatzeko denbora eman nahi izan die Rull presidenteak. 11:45 pasatxo abiatu da berriz, taldeen agerraldiekin, handitik txikira.

Pere Aragones irribarretsu saioaren une batean, Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Erantzunak

Horrela, Albert Batet Juntseko bozeramailea izan da hitz egiten lehena. Adierazi duenez, bere taldeak espero du Puigdemont Parlamentura iristea eta bere "eskubideak baliatzea" osoko bilkura amaitu baino lehen. Sozialisten esparru mentala behin betiko eta disimulatu gabe onartu duten errepublikanoen aurka egin du Batetek: "Ez dugu erne egon nahi, akatsik gabe jokatu nahi dugu". "Orain Espainiako Gobernuak ez du 155. artikulua aplikatu beharrik izango, bere zaindariak Kataluniako Generalitatearen Jauregia hartuko baitu. Illa jaunaren inbestidurarekin, Kataluniak 155. artikulua ezarri du ", kritikatu du.

Josep Maria Jove ERCren talde parlamentarioaren bozeramaileak PSCri ohartarazi dio babesa galduko duela ituna betetzen ez badu: "Ez izan zalantzarik ez gara ikaratuko adostutakoa aplikatzen ez baduzue".

Dagoneko arratsaldean, Jessica Albiach Comunseko ordezkariak Auzitegi Gorenari leporatu dio Amnistia Legea ez errespetatzea eta hura hustea, bere hitzetan: "Argia izan nahi dut: Carles Puigdemontek atxilotzeko arriskurik gabe itzultzeko aukera izan beharko luke".

Bestalde, Ignacio Garriga Vox eskuin muturreko alderdiko idazkari nagusiak iragarri du salaketa jarriko dutela Puigdemont "ezkutatzen" lagundu dutenen aurka.

Laia Estrada CUPeko talde parlamentarioko presidentea pozik azaldu da Puigdemonten itzulerarekin,  Kataluniako "prozesu independentistaren azken kapitulua" delakoan. Estradak esan du Puigdemontek azken urteetan izan duen "papera" aitortzen duela - "erbesteratu behar izan ziren kide guztiena bezala" - eta azpimarratu du ez dela "normala" Juntsen hautagaia osoko bilkuran ez parte hartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena Espainia Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont ERC Junts per Catalunya Azken ordukoa Illa