Politika -
KATALUNIA
Bi mosso atxilotu dituzte Puigdemonti ihes egiten laguntzea egotzita
Hala ere, horietako bat aske utzi dute dagoeneko. Barne Kontseilaritzak ikerketa abiatuko du Puigdemonten arrastoa zergatik galdu den argitzeko. Joan Ignasi elena Barne kontseilariak eta Mossoen buruzagitzak prentsaurrekoa emango dute ostiral honetan azalpenak emateko.
A. S. | EITB MEDIA
Bi mosso atxilotu dituzte ustez Carles Puigdemonti ihes egiten laguntzeagatik. Hala ere, lehenbiziko mosso atxilotua dagoeneko asko utzi dute.
Zazpi urteko erbestealdiaren ondoren, eta atzo iragarri bezala, Kataluniako Parlamentuaren atarian ikusi eta entzun dugu gaur goizean Juntseko buruzagia, eta itxura denez, agertokitik jaitsi denean, ezkutuan, auto zuri baten barruan sartu eta ihes egin du. Auto horren gidaria da atxilotutako lehenengo polizia.
Kasuaren gertuko iturrien arabera, Esquadra Mossoek ez dute baztertzen datozen orduetan Kataluniako presidente ohiari ihes egitea erraztu dioten pertsona gehiago atxilotzea.
Atxilotutako agenteak habeas corpus-a eskatu du, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez. Eskubide horren bitartez, atxiloaldia bidegabeki gertatu dela eta, epailearen aurrean berehala agertzeko eskatu du, bere legezko egoera konpon dadin.
Hainbat hedabideren arabera, Generaliteko iturriak aipatuz, Puigdemontek Mossoekin atxiloketa diskretu bat zuen adostuta aurrez. Horren arabera, Lluis Comanys pasealekuan milaka jarraitzaileren aurrean atxilotzea ekidingo zuten poliziek, eta ekitaldiaren ondoren, Parlamentera sartu aurreko kontrolean hartuko zuten preso. Plana hankaz gora jarriz, betiere iturrion hitzetan, presidente ohiak alde egitea lortu du.
Joan Ignasi Elena Barne kontseilariak eta Esquadra Mossoen buruzagitzak prentsaurrekoa emango dute bihar 11:00etan, dispositiboaren berri emateko.
Generalitatearen ikerketa
Generalitateko Barne Kontseilaritzak ikerketa abiatuko du Puigdemonten arrastoa zergatik galdu den argitzeko. Europa Pressek aipatutako kontseilaritzaren iturrien arabera, ikerketa polizia-dispositiboa hobetzeko eta aztertzeko egingo dute, eta "ziurrenik kolaboratzaile gehiago atxilotuko dituzte Puigdemont presidentearen ihesaldiarekin lotuta".
Sap-Fepol Mossoen sindikatu nagusiak ohar batean esan duenez, "orain arte erakutsitako emaitzak kontuan hartuta, galdera asko daude" dispositiboari buruz. Bi helburu nagusi zituen: herritarren segurtasuna bermatzea eta atxiloketari agindu judiziala betetzea.
Ondorioak presaka atera nahi ez dutela dioten arren, deitoratu dute badirudiela Polizia "barregarri" uzten duela, eta Kataluniako segurtasuna zuzentzen dutenek erantzukizuna bere gain hartzeko eta azalpen egokiak emateko eskatu dute.
Berragerpena atxilotua izan gabe
Iragarri bezala, goizeko 9etan, Salvador Illa sozialistaren inbestidura-saioa hasi baino ordubete lehenago agertu da Puigdemont propio prestatutako eskenatoki gainean, eragile independentistetako ordezkariek eta bizpahiru mila herritarrek lagunduta.
6 minutu eskaseko hitzaldian, errepresioak indarrean jarraitzen duela eta Amnistia Legeak eztuela amnistiatzeko balio salatu ondoren, ordea, era honetan agurtu ditu jarraitzaileak: "Eztakit noiz ikusiko dugun elkar berriro". Eta hala izanda; harrezkero ez du inork haren berririk. Oraingoz izkin egin dio, beraz, Espainiako Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko emandako aginduari.
Puigdemont oholtzatik jeitsi eta desagertu orduko, Esquadra Mossoek "Kaiola" izeneko polizia-operazioa jarri dute abian, kontrol zorrotzak ezarriz bai Bartzelona hiriburuko kaleetan, baita Kataluniako muga-pasabideetan ere. Oraingoz, baina, ez dago Puigdemonten arrastorik.
Juntseko burua non dagoen ez dakite, eta "Kaiola" operazioa martxan jarri badute ere, lau orduren ostean Esquadra Mossoek gailua desaktibatu dute. Hala, 14:00ak baino lehentxeago, 10:00etatik Kataluniako bide-sareko hainbat puntutan ezarritako kontrolak kendu dituzte, eta auto-ilarak sortu dituzte, Puigdemont aurkitu eta atxilotu gabe.