Politika -

GERTAKARIA

Senideek eta ordezkari politikoek agur esan diote Jokin Peronari

Senitartekoez gain, ordezkari politiko eta instituzional ugari gerturatu dira beilatokira Ogasun eta Finantza diputatuari azken agurra ematera. Peronaren aldeko hileta-elizkizuna, berriz, ostiralean egingo da Orion, haren jaioterrian. 18:00etan San Nikolas Bari parrokian izango da meza.

Ordezkari politikoak Rekaldeko beilatokian, Jokin Peronari azken agurra emateko. Argazkia: EFE
Ordezkari politikoak Rekaldeko beilatokian, Jokin Peronari azken agurra emateko
Ordezkari politikoak Rekaldeko beilatokian, Jokin Peronari azken agurra emateko. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

10:00etan zabaldu dute Rekalde beilatokian Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuaren aldeko hil-kapera, gorpua bart Donostiara iritsi ondotik. Senitartekoez gain, ordezkari politiko eta instituzional ugari gerturatu dira beilatokira Ogasun eta Finantza diputatuari azken agurra ematera, tartean, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, EAJko foru diputatuak, Maria Ubarretxena eta Noel d 'Anjou sailburuak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia.

Politikari jeltzalea astearte gauean zendu zen, 10 urteko semearekin bizikletan zihoala auto batek harrapatuta, Zamoran. Haren aldeko hilketa-elizkizuna ostiralean egingo dute bere jaioterrian, Orion, 18:00etan San Nikolas Bari parrokian.

Perona astearte iluntzean hil zen, Zamorako Peleas de Abajo herrian. Oporretara joana zen bertara familiarekin, hangoak baitira bere emaztearen gurasoak. Hiru dolu-egun ezarri zituen atzo ezbeharragatik bertako Udalak.

Felix Roncero Peleas de Abajo herriko alkateak aurreratu zuenez, diputatua harrapatu zuen ibilgailuaren gidariak berak deitu zien larrialdi zerbitzuei eta negatibo eman zuen alkoholemia-probetan. Eguzkiak ikuspena eragotzi izana jo zuen alkateak istripuaren balizko arrazoi.

Erakundeetako ordezkaritzak zabalak eta kolore guztietako alderdiek azaldu dute euren atsekabea diputatuaren heriotzagatik. Aho batez, guztiek nabarmendu dute Peronak zerbitzu publikoarekin zuen konpromisoa.

Orion jaioa, 46 urte zituen Jokin Peronak. Enpresa Zuzendaritzako Administrazioan lizentziatu zen, eta 2015ean sartu zen Gipuzkoako Foru Aldundian. Ogasuneko zuzendari nagusi izan zen orduan. Handik 5 urtera, 2020an, Ogasun eta Finantza diputatu izendatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia