Politika -

GERTAKARIA

Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatua hil da, auto batek harrapatuta Zamoran

Politikari jeltzalea Zamoran hil da, bizikletan zihoala auto batek harrapatuta. Guardia Zibila gertatutakoa ikertzen ari da. Ezbeharraren unean 10 urteko semearekin zihoan Perona, baina adingabea onik atera da.

Jokin Perona, agerraldi batean. EFE
Jokin Perona.
Jokin Perona, agerraldi batean. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatua hil da bart Peleas de Abajo herrian (Zamora), bizikletan zihoala auto batek harrapatuta. Duela egun gutxi oporretara joana zen Perona familiarekin, eta istripua gertatu den unean 10 urteko semearekin zegoen (onik dago).

Ezbeharra 21:15 aldera jazo da, eta Guardia Zibilak ikerketa abiatu du.

Ibilgailuaren gidariak berak deitu die larrialdi zerbitzuei eta negatibo eman du alkoholemia-probetan, Felix Roncero Peleas de Abajo herriko alkateak jakinarazi duenez. 

"Semea aurretik zihoan, 8-10 metro aurrerago. Biak bizikletan ibiltzera atera ziren, eta autoak gizona harrapatu zuen. Errepidea ez da arriskutsua, ikuspen baldintza onak ditu. Arazoa ordua izan da, 21:00-21:15 aldera, eguzkiak aurpegian ematen dizu eta ez duzu ezertxo ere ikusten", azaldu du. "Zorte txarra izan dela ematen du, eguzkiak ikuspena eragotzi diola gidariari", erantsi du. 

Peleas de Abajoko Udalak hiru dolu egun ezarri ditu ezbeharragatik. Peronak han ematen zituen udak, amaginarrebaren eta aitaginarrebaren herria baita. Ronceroren hitzetan, "Peronaren emaztea Gasteizen jaio zen, baina bere gurasoak hemengoak dira; beti etortzen dira hona. Bi seme-alaba dituzte, 10 urteko mutikoa eta bederatzi hilabeteko alabatxoa. Umeek asko gozatzen dute, eta emaztearen gurasoek etxea dute hemen. Zehaztu duenez, familia astelehenean, ezbeharraren bezperan, heldu zen udalerrira.

Orion jaioa, 46 urte zituen Jokin Peronak. Enpresa Zuzendaritzako Administrazioan lizentziatu zen, eta 2015ean sartu zen Gipuzkoako Foru Aldundian. Ogasuneko zuzendari nagusi izan zen orduan; 2020an, Ogasun eta Finantza diputatu izendatu zuten.

Maitasun mezuak politikaren munduan

Imanol Pradales lehendakariak "maitasuna eta gertutasuna" adierazi die Jokin Peronaren familiari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. X sare sozialen bidez, eta abuztuaren 1ean Azpeitian San Inazio egunean biek partekatu zuten ekitaldian ateratako argazki batekin, lehendakariak nabarmendu du Jokin Perona "pertsona osoa eta gizon maitatua" zela, eta "gipuzkoarren eta Euskadi osoaren zerbitzura" lan egin zuela.

Pradalesek "doluminak" helarazi dizkie familia osoari, Jokin Peronaren lagunei, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kideei ere. "Nire maitasuna eta hurbiltasuna helarazi nahi dizkizuet une gogor hauetan. Goian bego", adierazi du.

Sare sozialen bidez, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi eta egungo legebiltzarkide jeltzaleak atsekabea adierazi du eta elkarrekin ateratako argazki bat partekatu du.

Eneko Goia Donostiako alkateak X sare sozialean esan du Peronaren heriotza "oso albiste tristea" dela, eta "langile handia eta oso pertsona ona" dela gogorarazi du. Aldi berean, "familia osoari besarkada handi bat" bidali dio.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak "doluminak" adierazi dizkie Peronaren familiari, lagunei eta alderdikideei, eta "gertuko gizona, langile bikaina eta pertsona maitagarria" dela gogorarazi du.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak "doluminak" helarazi dizkio foru gobernu osoaren izenean foru diputatuaren familiari eta Euskadirentzak "galera handia" izan dela esan du X sare sozialean. 

Mendozaren arabera, lau urte hauetan, "lan bikaina" egin du, "erronka garrantzitsuak dituen bere taldearekin batera", besteak beste, Ticket Bai sistema ezartzea, mutualistei berriki egindako itzulketak eta datozen hilabeteetan jorratuko den erreforma fiskalaren lanketa.

Gipuzkoako diputatu nagusia Zamorara joan da, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin eta Javier Larrañaga aurreko legealdian Ogasun eta Finantza diputatu izandakoarekin batera,  Peronaren familiari doluminak bertatik bertara emateko. 

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "tristura eta atsekabea" adierazi du, eta gogorarazi du "denbora eta lana" partekatu zutela Gipuzkoako Foru Aldundian elkarrekin egondako urtean.

Ubarretxena, Peronaren heriotzaz: ''Niretzat kolpea izan da, lankideak izan ginen urtebetez Aldundian''
Ubarretxena, Peronaren heriotzaz: ''Niretzat kolpea izan da, lankideak izan ginen urtebetez Aldundian''
Ubarretxena, Peronaren heriotzaz: ''Niretzat kolpea izan da, lankideak izan ginen urtebetez Aldundian''

0:19

Adegik, Gipuzkoako Enpresen Elkarteak, sare sozialen bidez, bat egin du "familiaren eta lankideen minarekin", eta Peronaren "profesionaltasuna, hurbiltasuna eta enpresaren munduarekiko etengabeko harremana" aitortu ditu.

ENBA nekazarien sindikatuak ere atsekabea agertu du Jokin Peronaren heriotzagatik, eta "lehen sektorearekiko begirune berezia erakutsi duela" dela esan du. "Besarkada bat familiarentzat, lagunentzat eta bere alderdiko kideentzat", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia