Politika -

KATALUNIA

ERCk "iraingarritzat" jo du Puigdemonten gutuna eta independentisten artean "gorrotoa piztea" egotzi dio

Asteburuan sare-sozialetan zabaldutako gutun batean, Kataluniako presidente ohiak bere balizko atxiloketaren erantzule izatea leporatu zion ERCri, PSCkin itxitako akordioagatik. Hitzok zuzentzeko eskatu diote gaur errepublikanoek JxCateko buruari.

ERCren zuzendaritzako kideak, joan den astean egindako agerraldi batean. Argazkia: EFE
ERCren zuzendaritzako kideak, joan den astean egindako agerraldi batean.
ERCren zuzendaritzako kideak, joan den astean egindako agerraldi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak eta JxCateko buruak larunbatean argitaratutako gutunak are gehiago tenkatu ditu alderdi horren eta ERCren arteko hartu-emanak. Besteak beste, Puigdemontek bere balizko atxiloketaren erantzule jo zuen alderdi errepublikanoa, Salvador Illa sozialistaren inbestidura babesteko PSC alderdiarekin izenpetutako akordioagatik. Adierazpenok "iraingarritzat" jo ditu ERCk, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dio JxCati.

Goizean zuzendaritza bildu ostean, oharra zabaldu du ERCk. "Argi dago, ERCren militantziak joan den ostiralean hartutako erabakia elektoralki kaltegarri ikusten dutela Puigdemontek eta haren alderdiak. Ulertzen dugu erabakia kritikatzea, baina zenbait muga ezin dira igaro", esan du Marta  Rovirak zuzentzen duen alderdiak.

Kataluniako presidente ohiak egintzat eman zuen bere atxiloketa, Estatu espainiarrera itzultzen denean. Bere hitzetan, Parlamentean seguruenera aste honetan egingo den inbestidura saiorako itzuliko da Kataluniara. Diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, hura atxilotzeko agindua emana du  Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak —Amnistia Legetik kanpo utzi zuten delitu hori—.

ERC alderdiaren hitzetan, Puigdemontek asteburuan zabaldutako gutunak  independentisten artean "gorrotoa piztea" bilatzen du. Ez hori bakarrik, "ERC mugimendu independentistatik kanpo" utzi nahi du JxCatek, errepublikanoen aburuz. "Arriskutsua eta iraingarria da hori", esan du ERCk.

Puigdemonten balizko atxiloketaz, ERCk dio beti gaitzetsi duela "mugimendu independentistaren gaineko errepresio politikoa"  eta bide horri eutsiko diola.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Carles Puigdemont ERC Kataluniako Generalitatea Junts per Catalunya Salvador Illa