Politika -

Katalunia

ERCko militanteen % 53,5ek babestu dituzte PSCrekin itxitako akordioa eta Illaren inbestidura

ERCko militanteen % 77k parte hartu dute alderdiaren galdeketan. 3.397 alderdikidek PSCrekin adostutako akordioari babesa eman diote, eta 2.847 militantek (% 44,8) aurka bozkatu dute. Honenbestez, ERCko militanteek babes estua eman diote alderdiaren egungo zuzendaritzari, Marta Rovira buru duenari.

ERCren egungo zuzendaritza, Marta Rovira buru, galdeketaren emaitzak ezagutu ondoren. Argazkia: EFE
ERCren egungo zuzendaritza, Marta Rovira buru, galdeketaren emaitzak ezagutu ondoren. Argazkia: EFE
ERCren egungo zuzendaritza, Marta Rovira buru, galdeketaren emaitzak ezagutu ondoren. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botoa emateko eskubidea zuten ERCko militanteen % 77k (6.349 pertsona) parte hartu dute alderdiaren kontsulta telematikoan, eta % 53,5ek (3.397) PSCrekin adostutako akordioa eta Salvador Illa sozialistaren inbestidura babestu dituzte.

Aitzitik, 2.847 militantek (% 44,8) dokumentuaren aurka bozkatu dute, eta 105 abstentzio edo boto zuri izan dira (% 1,7).

Honenbestez, ERCko militanteek babes estua eman diote alderdiaren egungo zuzendaritzari, Marta Rovira buru duenari, azken egunetan PSCrekin lortutako aurreakordioa defendatu duelako.

Hori guztia, nahiz eta galdeketa azken lau hauteskundeetan emaitza txarrak erdietsi ondoren egin, eta alderdiko buruzagitzaren zatiketa giro batean eta oraindik argitu gabe dauden Maragall anaien aurkako kartel iraingarriek eragindako polemikan murgilduta.

Rovirak honela baloratu ditu galdeketaren emaitzak: "Ez da baiezko biribila, baiezko exijentea baizik". Azaldu duenez, militantzia ez da PSCrekin fidatzen, ez du uste akordioa beteko duenik, eta, horregatik, ERC Kataluniako Parlamentuaren oposizioan egongo dela adierazi du, akordioa "betetzen dela bermatzeko".

ERCk PSCrekin 25 orrialdeko dokumentu batean jasotako akordioak "finantzaketa berezia" aurreikusten du Kataluniarentzat, baita administrazio publikotik kultura katalana indartzeko edo gatazka politikoaren konponbidean aurrera egiteko neurriak ere.

ERCko militanteek honako galdera honi erantzun diote: "Ados zaude ERCk hautagai sozialistaren inbestiduraren alde bozkatzearekin, subiranotasun fiskalaren, katalanaren sustapenaren eta babesaren, gatazka politikoa konpontzeko Konbentzio Nazionalaren eta adostutako gainerako neurrien truke?".

ERCren oinarrien oniritziarekin, Illak gertuago du Generalitateko presidentetza, baina oraindik ere oztopo bat gainditu beharko du; izan ere, Carles Puigdemont presidente ohiak agindu du Kataluniara itzuliko dela inbestidurarako, nahiz eta atxilotua izateko arriskua izan, eta horrek agertoki osoa aldatuko luke.

Beste ziurgabetasun osagai bat ere gehitu da: Jovent Republicak, ERCrekin lotutako gazte erakundeak, ez du bermatu Mar Besses diputatuak inbestidura babestuko duela, barne galdeketan baiezkoak irabazi arren.

PSCren eta Juntsen zuzendaritzen bilerak, larunbat honetan

PSCk zuzendaritzaren ezohiko bilera egingo du larunbat honetan, 11:00etatik 12:00etara, Bartzelonako egoitza nagusian, ERCko militanteen baiezkoaren ostean.

Juntsek ere, zuzendaritza bilera egingo du, modu telematikoan, "erabaki horrek herrialdearentzat eta independentzia prozesuarentzat ekarriko duen egoera politiko berria baloratzeko", ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak ERC Salvador Illa gaur