Politika -
BEGOÑA SANCHEZ AUZIA
Barrabesek politikariekin izandako "ohiko bileren" testuinguruan kokatu du Sanchezekin izandako bilera
Enpresariak epailearen aurrean berretsi du Sanchezekin eta beste enpresaburu batzuekin bildu zela, Begoña Gomez bertan egon gabe. Era berean, azaldu du Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak laguntza eskatu ziola master baten inguruan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Juan Carlos Barrabes enpresariak eman ditu gaur azalpenak Begoña Gomez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emaztea, ikertzen ari den Juan Carlos Peinado epailearen aurrean. Bere deklarazioan, Barrabesek berretsi du Sanchezekin "behin bakarrik" bildu zela Moncloan, eta politikariekin "berrikuntzaren inguruan" izaten dituen "ohiko bileren" testuinguruan kokatu du hitzordua.
Auto batean, Peinado epaileak adierazi zuen Begoña Gomezek "bere senarra Espainiako Gobernuko presidentea denetik egin dituen ekintza, jarrera eta jokabide guztiak" direla ikergai. Horien artean, Barrabes enpresaburuarekin izandako ustezko loturak eta kontratuak leudeke ikerketapean, influentzia-trafikoa eta negozioetan ustelkeria egotzita.
Bideokonferentziaz deklaratu du gaur Barrabesek, bere osasun-egoera dela eta, eta bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die. Zehaztu duenez, Sanchezekin batzartu zenean, haren emazteak ez zuen parte hartu bileran.
Gomezek zuzentzen duen master bateko irakaslea da enpresaria, eta uztailaren 15ean deklaratu zuen aurrenekoz enpresariak auzi honetan lekuko gisa. Deklarazioa hartu ostean, inputatzea erabaki zuen epaileak. Auzitegiko iturriek baieztatu dutenez, orduko ildo beretik deklaratu du, gaurkoan ere.
Sanchezekin izandako bileraz gain, bere emaztearekin hainbat bilera profesional ere izan zituela azaldu du, azken horrek masterreko modulu baterako laguntza eskatu ziolako.