Politika -
ESPAINIAKO GOBERNUA
PSC-ERC aurreakordioa Estatuaren "federalizazioaren bidean urrats bat" dela uste du Sanchez
Alderdi sozialistak eta errepublikanoak Katalunian itxitako akordioa "oso ona" da, Espainiako Gobernuko presidentearen iritzian. "Albiste oso ona da Espainiako sistema politikoarentzat", zehaztu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatu espainiarraren federalizazioaren bidean "urrats" bat. Hori ikusten du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak PSC eta ERC alderdiek Katalunian itxi berri duten aurreakordioaren atzean.
Lan urte politikoaren balantzea egiteko hedabideen aurrean egindako agerraldian, Sanchezek azpimarratu du sozialisten eta errepublikanoen arteko ituna "albiste oso ona" dela Katalunia osoarentzat eta, baita ere, "Espainiako sistema politikoarentzat".
Zehaztu duenez, Espainiaren eta Kataluniaren arteko "bitariko negoziazioak" ahalbidetu du akordioa, baina "logikoki", erkidego guztiei dagokie "finantzazio sistema berria" negoziatzea eta adostea.
Salvador Illa buruzagi sozialista Generalitateko presidente izendatzeko, hainbat puntu adostu dituzte ERCk eta PSCk, tartean, Kataluniaren finantzazio sistema berria. Zehazki, aurreakordioak aurreikusten du Katalunia erregimen komunetik ateratzea eta Kataluniako Zerga Agentziak zerga guztiak kudeatu, likidatu, bildu eta ikuskatzea (PFEZtik hasita), baita Generalitatean Hizkuntza Politikako Departamentu bat sortzea ere.